Herrigunea eta industrialdeetako argiztapena hobetu eta argiteria sistema adimenduna jartzeko lanetarako 6 proposamena aurkeztu dira jada udal bulegoetan.

2012/11/27
Epea luzatzen zenaren jakinarazpena, atzo argitaratu ondoren, eskaintzak presentatzeko azken eguna, abenduaren 3a izango da.

  Pasa den astean aurreratu genizuenez, lanetarako oinarri teknikoekiko  jaso den alegazio baten haritik kontratazio mahaiak proposamenak aurkezteko epea luzatu zuen. Epea 7 egunez luzatzea erabaki zen baina beti ere, horren berri ematen zuen iragarkia Gipuzkoako aldizkari ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita. Atzo justu kaleratu zen iragarki hori eta ondorioz, 7 eguneko epe berria, abenduaren 3an amaitzen da.

  Azken unera arte itxaron gabe dokumentazioa gertu zuten 6 enpresek dagokien proposamena aurkeztu dute jada.

  Udalak, herrigunean eta industrialdeetan, errendimendu txikia eta argi kutsadura handia eragiten duten kasik 500 argi aldatuko ditu. LED teknologiadun argi berriak jarriko dira eta hauek kontrolatzeko aukera ematen duen sistema adimenduna instalatuko da. Leku estrategikoetan hainbat detektagailu jarriko dira eta auto edo pertsona baten mugimenduaren arabera, argiek, gehiago edo gutxiago argituko dute.  

  Aldatu asmo diren argi gehienak, herri guneko kale eta auzunetan barreiatuta daude, kasik 400. Beste 76 Osinurdin, Fanderia eta Berezaoko industrialdeetan jarriko dira.

  Herriko argiztapena hobetzeko lan hauen aurrekontua handia da: 426 mila euro gehi BEZa. Baina sistema berriak gutxienez, % 70ko aurrezpena eragitea espero da.

  Lan hauek egin ahal izateko, bestalde, Energiarako Euskal Erakundearen diru laguntza eskatu da. EVEk inbertsioaren % 40ra arteko diru laguntza eman dezake.

  Lanak zein enpresak egingo dituen, abendu erdialdean edo erabakiko da. Hasieran, azaroaren 20an amaitzekoa zen eskaintzak aurkezteko epea luzatu eta abenduaren 3an itxiko baita.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!