Herribuseko geltokien seinaleztatzea hobetu da

2018/05/27
Card image cap
Zerbitzuaren nondik-norakoak gogora ekartzeko bi solasaldi informatibo egingo dira, Lagun Leku eta Pake Lekun

  Herribuseko geltokien seinaleztatzea hobetu berri du udalak, 3 markesina eta 20 zutabe jarriz ibilbidean zehar. Honela, geltoki bakoitzaren kokapena argitu da eta bakoitzari dagokion informazioa erakusten da: geltokiaren izena, bertatik pasatzen diren lineak eta ordutegiak.

  Zerbitzua hasi zenetik aldaketa batzuk izan dira,  herritarren eskaerari erantzunez: A linea San Martinera eta Elkar Hezira txandaka igotzen da, eta bi geltoki gehitu dira ibilbidean, bat Kasablankan eta San Martin egoitzan bestea. Aldaketa horiek jasotzen dituzten esku-orriak Kontzejupetik-ekin banatuko dira, ekainean, eta dagoeneko eskuragai daude udaletxean eta beste udal eraikinetan.

  Herribuseko geltokien kokapena oinarri hartuta geo-analisi bat egin du udalak biztanleriaren datuekin gurutzatuz: Oñatiko herritarren %86a Herribuseko geltoki batetik 200m edo gertuago bizi da. Portzentajea %90era igotzen da eragin erradioa 300m-ra zabalduz gero.

  Herribusak hasi zenetik aldaketa handirik izan ez duen arren, zerbitzuaren nondik-norakoak gogora ekartzeko solasaldi informatiboak antolatu dira ondorengo egunetan. Lehenengoa, asteartean, hilaren 29an, Lagun Leku elkartean egingo da, 19:00tan hasita, eta bigarrena, ekainaren 7an, Pake Leku elkartean, 18:15tan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!