Herriaren zati handi bat urik gabe egongo da bihar goizean, plazaz behealdeko auzoetan lau orduko ur mozketa egingo baita.

2013/11/19
Goizeko 8.30tatik 12.30tara ez da urik izango, Otadui zuhaiztian berritu den ur hodia hornidura sarera lotu behar baita.

  Otadui zuhaiztia 13-15-17 zenbakien parean edateko ur garbiaren hodia lehertu zen orain bizpahiru aste. Oso zaharra zegoen hodiak ez zuen presioa jasan eta apurtu egin zen esan bezala. Hodi zaharraren egoera ikusita, hodi berria sartzea erabaki zen eta horretan aritu dira Gipuzkoako Urak enpresako langileak. Hodia aldatuta hornidura sarera lotu behar da eta horixe bihar egingo dute. Lotura lan horiek beste guneren batean egingo balira, ur mozketa egin egingo zen baina eragina mugatuagoa izango luke. Baina Otadui zuhaiztiaren pareko lotura, justu, herriaren behealdeko muturrerainoko auzoak urez hornitzen dituen sare nagusira zuzenean egin behar da eta ondorioz, ur mozketak behealdeko auzo guztiei eragingo die.

  Beraz, bihar goizean, Goribar auzoan, Zañartu auzoan, Garagaltza auzoan, Santxolopetegi auzoan, Garibai auzoan eta Zubillaga auzoan ez dute urik izango 8:30etik 12:30era. Ordu tarte berean Otadui zuhaiztia 13, 15 eta 17 zenbakidun eraikinetan ere ez da urik izango.

  Biharkoarekin, edateko ur garbiaren hoditeria berritzeko lanak amaituko dira eta Lizaur kale inguruan egingo dira hoditeria aldatzeko lanak hasiko ditu Gipuzkoako Urak enpresak. Hemen ere, zaharkituta dagoen edateko ur garbiaren hoditeria berrituko da, Kurtzetxo behealdean Olalde baserriaren parean hasi, Lizaur kalean jarraitu eta Postetxe ondoko haur parkean amaitzeko. Hiru hilabeteko epean egin asmo diren berrikuntza lan handiak dira horiek. Aste honen ondarrean ez bada datorren astean jada hasiko direnak.

Iturria: Oñati irratia