Herri guneko hainbat kaleen asfaltatze eta konpontze lanak aztergai izango dira gaurko tokiko gobernu batzarrean.

2013/07/04
Landa auzoetan egin diren asfaltatze lanen likidazioaren berri ere emango da.

  Uztaileko bigarren hamabostaldian egin asmo dira kaleko asfaltatze lanok. Udaltzaingoak konpondu beharreko gune eta bide zuloen zerrenda osatuta dauka eta okerren daudenetik hasita egingo dira aurtengo asfaltatze lanak. Kale zaharra izango da bereziki konponduko dena. Oinezkoen bidea amaitzen den gune ingurutik Otadui zuhaizti pareraino. Errail bat oso hondatuta dago eta hori guztiz asfaltatuko da. Bestea berriz, tarteka konponduko da. Guardia zibilen kuartel ondoko errotonda ere asfaltatuko da. Zulatu gabe baina aurreko asfalto geruza behera etorri da nonbait eta hori ere konponduko da.

  Aipatutako horiezaz gain, Bidebarrieta kale inguruan antzeman diren beste zulo edo batxe handiak zuzenduko dira. Hauetan ez da “partxe-jartze” lan soila egingo. Zulatutako lekuak fresatu eta saneatu ondoren asfaltatuko baitira.

  Eguraldia lagun, herri guneko asfaltatze lan hauek uztaileko bigarren hamabostaldian egin nahi dira. Zenbait kasutan, trafikoari eragingo dioten lanak izango dira baina horien berri dagokionean jakinaraziko du udaltzaingoak.

  Eta asfaltatze lanekin jarraituz, esan bestalde, gaurko tokiko gobernu batzarrean, auzoetan egin diren era honetako lanen likidazioaren berri emango dela.

  46 gai dira guztira gaurko bileran aztertuko direnak eta aipatutako bi horiezaz gain, landa auzoetan hondakinak gaika biltzeko eraiki diren guneen ordainketaz, Zuazolako zubiko baranda aldatzeko Zañartuko auzo alkateak egin duen eskaeraz edota desbrozatze eta elur lanetarako traktore bat eskuratzeko aukeraz berba egingo da.

  Usakora bidean dauden lurjausiak konpontzea edota Gaztelekuan komun berriak egitearen gaiak ere aztertuko dira.   

Iturria: Oñati irratia