Oñatiko udala

Hasi dira Santxolopeztegi industrialderako bidegorri-lotura egiteko lanak

2020/12/04
Card image cap
Hiru hilabeteko epean amaitzea aurreikusten da

  Enpresa bakarra, Echaide eraikuntza enpresa, aurkeztu zen Madalena industrialdera bizikleta eta oinezkoendako sarbidea egokitzeko lanak egiteko deialdira eta baldintzak beteta, berari esleituta, dagoeneko lanean hasita dago. Horretarako Injelan enpresak egin zuen proiektua izango du oinarri. 

  Santxolopeztegiko industria gunea eta egungo bidegorria lotuko dituen sarbidea egokitzeko Madalenako ermitara doan garai bateko galtzada erabiliko da; egun dagoen harrizko galtzada zaharra altxatu eta egokituko da, hareharrizko zorua mantenduz. Bideari jarraipena emango zaio industrialdeko aparkalekuraino. Hareharrizko zoladurak 1,50 metroko zabalera izango du eta gainerako zatia egungo harriekin birzolatuko da. Hortik aurrera, 2,70 m.-ko bide berria egokituko da, hormigoizko harri lubeta eta harri-horma baten babesean. Azkeneko tartean, egurrezko baranda edo eskudela jarriko da. Euri urak jasotzeko sarea osatuko da eta argiteria ere berrituko da.

  Udalak zehaztutako aurrekontua 4.000 eurotan merkatuz, lanak 111.444 eurotan egingo ditu Echaide enpresak. Aste honetan bertan hasi dira eta hiru hilabeteko epean amaitzea aurreikusten da. Lan eremua ez da handia  baina, egungo galtzada mantentzearen konplexutasuna dauka; ehun metro eskaseko bidegorria egokituko da Madalenako ermitako sarbidea eta Fagor Industrialen pailioira daraman bidearen artean, Oñati eta Elorregi arteko bidegorriaren adar bezala.,  

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!