Hasi dira Olabarrietako Ugargain eta Lizarretxe baserrien arteko auzo bidea zabaltzeko lanak.

2011/11/09
Gaurtik eta hilabeteko epean, errepidea trafikorako itxita izango da.

  LURKIDE enpresak egingo ditu bidea zabaltzeko lanak, 82 mila euroko aurrekontua dute eta hilabeteko epean egitea aurre ikusten da.

  Gaur egun hiru metroko zabalera besterik ez du Olabarrietako Ugargain eta Lizarretxe baserri merendero arteko bideak. Estuegia da bertatik joan etorrian ibiltzen diren auto eta oinezko ugariak kontutan hartuta. Istripuak ere gertatu izan dira.

  Guzti hori kontutan hartuta, udalak bide zati hori zabaltzea erabaki zuen eta gaur bertan hasiko dira lanak egiten.

  Bidea, bi metrotan zabalduko da. Horretarako, beteketa lanak egingo dira bidearen behealdean dagoen zelaigunean, egungo bidearen kotara jasotzeko. Bide guztiari paralelo eskollera erako eustorma eraikiko da. Urak bideratzeko drainatze-hodia ere sartuko da bide izkinan eta etorkizunean sor litezkeen beharrak aurreikusiz, argiteriarentzako beste bi hodi sartuko dira.

  Hori dela eta, gaur hasi eta hilabetez, Lizarretxe merenderorako bidea, trafikorako guztiz itxiko da. Itxi, Ugargain baserrirako kurtze paretik merenderora bitartean itxiko da. Bestaldetik, Olabarrieta auzotik barrena datorren bidea irekita izango da.

  Beraz, bidea zabaltzeko lanak egin bitartean, autoek ezin izango dute bertatik pasa, baina oinezkoei ere, beraien nahiz langileen segurtasuna bermatze aldera, bertatik ez pasatzeko eskaera egiten zaie.

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!