Hasi dira Kalegoienan autobus geltoki berria egokitzeko lanak.

2012/06/27
Helburua, Euskadi etorbideko geltokiak, Aita Lizarralde kale ingurura uztaila erdialdean aldatzea da.

  Astelehenean hasi ziren Kalegoienako autobus geltoki berria izango dena prestatzeko lan hauek. Lehenik, aparkaleku ondoko berdegune zati bat kendu da geltokiko markesinarako lekua eginez. Aste honetan bertan, losak jarriko dira eta Euskadi Etorbidean dauden markesinak desmuntatzen hasiko dira. Izan ere, ahal dela, markesina horiek aprobetxatuko baitira. Desmuntatu, garbitu eta kokapen berrian muntatu beharko dira. San Lorentzo aldetik doazen autobusen geltokia, Kalegoiena inguruan jarriko da eta San Lorentzorantz doazenentzat berriz, Aita Lizarralde kalean dagoen transformadore aurrealdean.

  Bigarren geltoki hau egokitzeak ez du aparteko zailtasunik, markesina muntatu eta zoruan marra horiak margotu beharko dira baina aparteko beste lanik egin gabe.

  Margotze lan horiek dira autobus geltokien leku aldaketa luzatu dezaketenak: kanpoko enpresa batek egingo baititu eta duen lan kargaren arabera lehenago edo beranduago etorriko dira. Baina udal gobernu taldearen asmoa, lanak datorren astean amaitu eta uztaila erdialdean jada, autobus geltoki berriak martxan jartzea da. Horrela, garraio publiko zerbitzua betetzen duten autobusen joan etorria herri barrutik aterako da egun honek sortzen dituen eragozpenak arinduz.

  Gogoratu, maiatzean jada, Foru Aldundiak geltoki berriak Gipuzkoa 2630 errepidera aldatzeko baimena eman zuela.  Hori eskutan aste honetan bertan hasi dira geltokiak prestatzen. Hauek, errepide aldamenetan egokituko dira baina trafikoari aparteko eragozpenik sortu gabe, autobusa sartzeko lekua egingo baita hainbat aparkaleku plaza hartuz.

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!