Oñatiko udala

Hasi dira jada herriko denda, taberna, elkarte gastronomiko, eskola eta bestelako lokaletara, hondakinen atez ateko bilketa sistemarako kubo eta bestelako materiala banatzen.

2013/06/12
Enpresetara ere banaketa egiten ari dira.

  Herri guneko etxebizitzetako jabeei dagokien materiala banatu ondoren, gainontzeko lokal eta zerbitzu publikoetara kuboak eramaten hasi dira. Kasu honetan, informazio bulegoetako arduradunak ari dira banaketa zuzenean egiten, hau da, lokalera bertara joanda eskura eramaten. Iazko uda-udazkenean egin zuten inkestan oinarrituta, lokal bakoitzean sortzen den hondakin kopuruari egokitutako tamaina ezberdinetako ontziak banatzen ari dira. 

  Astelehenean hasi ziren herriko denda, taberna, ikastetxe, elkarte gastronomiko eta bestelako zerbitzu publikoetako lokaletara kuboak eramaten eta lokal jabeek izan ditzaketen zalantzak argitzen. Izan ere, lokal hauetan sortzen diren hondakinak etxe partikularretakoak ez bezala egunez batuko baitira. Horren berri ematen duten gutunak bidali ditu Mankomunitateak. Hala, komertzioetan bereziki pilatu ohi den kartoia jasotzera, astean hirutan pasako dira. Bilketa hori orain aste batzuk probatu zen triziklo bidez egingo da.

  Organikoa ere, astean hirutan batuko zaie. Kontu egin behar baita, halako hondakin ugari sortzen duten elikagai denda, eskola eta bertako jangela, jatetxe nahiz elkarte gastronomikoez ari garela. Papera, ontzi arinak eta errefusa berriz, astean behin bilduko dira.

  Hondakin frakzio guztien bilketa, goizez, 9etatik aurrera egingo da. Materia organiko sortzaile handiei ordea, ostiraletan eta igandetan herritarren bilketa zerbitzuaz baliatu daitezkeela adierazi zaie. Kasu honetan, hondakinak, gertuen duten esekitokira arratsaldeko 8etatik gaueko 11etara atereaz. Pixoihal eta konpresa ugari pilatu ditzaketen haur eskola, haurtzaindegi, eguneko zentro eta zaharren egoitzari ere, egunero gauez ateratzeko aukera eman zaie.

  300 lokal inguru daude herriko denda, taberna, elkarte gastronomiko, eskola eta zerbitzu publiko lokalen zerrendan.

  Baina hauei hondakinak frakzioka berezitu eta ateratzeko kuboak banatzen ari zaizkien aldi berean, hasi dira enpresetara eramaten. Hemen ere, beharraren araberako kuboak utziko dira. Normalean, zerbitzu lokal batean baino kubo gehiago eta tamainaz ere, handiagoak. Industria gunetan hondakin frakzio bakoitzaren bilketa zein egun eta ordutan egingo den ere jakinarazi zaie.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!