Oñatiko udala

"Handia" filma berriro ikusgai izango da Oñatin

2018/02/08
Card image cap
Hilaren 16tik 18ra bost emanalditan pantailaratuko da eta 19an, Aitor Arregirekin solasaldia antolatu da

  Handiak 10 Goya sari eskuratu zituen larunbatean, Aitor Arregi oñatiarrak Jon Garañorekin zuzendu zuen filmaren balioa azpimarratuaz. Arrakasta horrek Oñatiko zine aretora itzularaziko du Altzoko Handiaren istorioa. Estreinatu zen asteburuan bertan izan zen Oñatin ikusgai; 10 proiekzio egin ziren herritarren ikusmina asetzeko asmoz eta guztira, 1090 ikusle izan ziren emanaldietan. Zenbait egunetan Aitor Arregi zuzendaria eta Joseba Usabiaga aktorea ere aretora hurbildu ziren ikusleen galderei erantzuteko.

  Datorren asteburuan, hilaren 16tik 18ra, Handia Oñatin berriro ikusi ahal izango da bost emanalditan: ostiralean, 22:30tan eta larunbat eta igandean, 19:30 eta 22:30tan. Beraz, Handia ikusteko gogoz geratu zenak, edo berriro ikusi nahi duenak, hartarako aukera izango du hurrengo asteburuan. Era berean, Aitor Arregi Galdosen ibilbide oparoa gehiago ezagutu ahal izateko solasaldia antolatu da hilaren 19rako, astelehenerako, 19:00tan Santa Ana aretoan. Zinemarekiko loturaz, aurreko lanez,  etorkizunerako asmoez, euskal zinemagintzaren osasunaz eta abar berba egin ahal izango da zuzendari oñatiarrarekin.

  Otsailaren 16tik 19rako zine karteldegian izan den aldaketa honek, hasieratik iragarrita zegoen filmari eragingo dio. Oskar sarietarako hainbat hautagaitza dituen Tres anuncios en las afueras filma iragarrita zegoen baina atzeratu egingo da. Martxoko lehenengo asteburuan, 2tik 5era programatuko da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!