Hamabina hautagaitza izango dira Gipuzkoan Diputatuen Kongresu eta Senaturako

2019/03/27
Card image cap
Gaur argitaratu diren behin behineko zerrendetan bi oñatiar daude

  Diputatuen Kongresurako hautagaitzetan aurkezten dira aipatu bi oñatiarrak: Nerea Zubia Blazquez EH Bilduko zerrendan bosgarren hautagaia da eta Miren Elgarresta Larrabide, Euzko Alderdi Jeltzaleko zerrendan, lehenengo ordezkoa. Bi hautagaitza horiezaz gain, beste hamar osatu dira Gipuzkoan Kongresu nahiz Senaturako: PSE-EE, Partido Popular, Ciudadanos, Recortes Cero-Grupo Verde, Partido Comunista de los Trabajadores de España, Elkarrekin Podemos, Partido Animalista Contra el Maltrato Animal, Vox, Escaños en Blanco eta Por un Mundo Más Justo.

  Estatuko Boletin Ofizialean gaur argitaratu direnak aurkeztutako hautagaitzak dira, behin behineko zerrendak oraindik, akatsak zuzentzeko 5 eguneko epea zabaldu baita. Behin betiko hautagaitzak, datorren asteartean argitaratuko dira. Bitartean, zapatu honetan bertan, Oñatin zabalduko diren 15 hauteskunde mahaitan egon beharko diren herritarren zozketa egingo da. Presidente, bokal eta bakoitzari dagozkion bina ordezko izendatuko dira larunbat goizean udaletxean egingo den zozketan. 135 herritar horiei, hurrengo astean iritsiko zaie izendapenaren jakinarazpena eta alegazioren bat aurkeztu nahi badute, apirilaren 13ra arteko epea izango dute.

  Bozka emateko 15 mahai irekiko dira hurrengo hauteskundeetan gurean. Halako azken deialdietan gertatu bezala, lehen ikastolan zeuden mahaiak Zubikoa kiroldegian kokatuko dira berriro. 

  Apirilaren 28ko hauteskunde orokorretan 350 diputatu eta 208 senatari aukeratuko dira, gainerako 56 senatariak erkidegoek hautatzen baitituzte. Gipuzkoan, sei diputatu eta lau senatari aukeratuko dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!