Hainbat ekintza antolatu dira Migratzaileen Nazioarteko egunaren baitan

2018/12/18
Card image cap
"Inor ez da ilegala" lemapean elkarretaratzea egingo da plazan

  Migratzaileen Nazioarteko egun honen harira igandera arte luzatuko den egitaraua osatu dute herriko hainbat talde eta eragilek: Auzoko, CEAR, Elkarzabal, Gaztelekua, Gaztetxea, Hotz eta Txipistinek.

  Elkartasuna eta justizia aldarrikatuz, herritarron artean sareak eta harremanak zabaltzea ezinbestekotzat jotzen dute antolatzaileek, gurera iristen diren migratzaileei harrera duina eta integrala eman ahal izateko. Zeregin horretan, elkar hobeto ezagutu eta bizi dugun egoeraz hausnartu, salatu, eta ondo pasatzeko, hainbat ekintza egingo dira gaur eta asteburuan. Baina egun horietara mugatu gabe ondorengo hilabete eta urteetan INOR EZ DA ILEGALA lema aldarrikatzen jarraituko dutela argitu nahi izan dute.

  Lema hori bera izango du gaur arratsaldean plazan egingo den elkarretaratzeak: Inor ez da ilegala. 18:00tan hasiko da. Aurrez, 17:00tan munduko jolasak ezagutu eta praktikatu ahal izango dira azokan eta 19:00tan berriz, Ama nora goaz? filma proiektatuko da Kultur etxean.

  Larunbatean jatorri anitzeko pertsonen testigantzak eta beraien herrien aurkezpena egingo da Kultur etxean, 12:00tan. Ondoren, Gaztetxean, herrialde ezberdinetako jakiz osatutako bazkaria eskainiko da. Parte hartzeko interesa dutenek izena Ongi tabernan eman behar dute. Eta munduko jakiak probatzen jarraitzeko, herrialde ezberdinetako askaria edo merienda eskainiko da Gaztelekuan, 17:30tan

  Igandean, azkenik, Oñatira migratu duen lagun euskaldun batekin solasaldia izango da Gaztelekuan eta henna tailerra ere bai. Gaztetxoei zuzendutako ekintza bikoitz hau 17:30tan hasiko da.

Iturria: Oñati Irratia


 
 

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!