"Gure basoen osasuna" jardunaldia antolatu da astearte arratsalderako, Santa Ana aretoan

2018/11/09
Card image cap
Pinuen gaixotasunaz, birlandatze eredu jasangarriaz eta Oñatin bizi den egoera konkretuaz eztabaidatuko da

  Herriko auzoetako ordezkariek antolatu dute martitzen arratsaldeko jardunaldi trinkoa. Pinuen banda marroi-gorriaz kezkatuta daude eta argibideak eman ditzaketen bost hizlari gonbidatu dituzte. Bakoitzaren jarduna laburra izango da, 20 bat minutukoa, eta amaieran, galderak egin eta erantzuteko tartea zabalduko da.

  Amaia Urkola Foru Aldundiko teknikariak irekiko du hitzaldi zikloa eta bandek eragindako gaixotasunaz eta Gipuzkoako pinuen egoeraz argibideak emango ditu. Hazi Fundazioko Alejandro Canterok berriz, pinudietako gaixotasunen eragin maila neurtzeko teknologia berrien erabileraz arituko da. Baskegur,  Euskadiko baso- eta zur-sektorea ordezkatzen duen elkarte profesionaleko ordezkari Josu Azpitartek, gaixotasunaren prebentzio, kontrol eta etorkizunerako proposamenak landuko ditu. Laugarren hizlaria GEBE, Gipuzkoako Baso Elkarteko Fernando Otazua izango da eta elkarteak dituen proiektu estrategikoez arituko da. Azkenik, Andoni Altuna, Zubillagako auzo alkate eta Debagoieneko GEBEko arduradun denak Oñatiko egoeraz berba egingo du, eta kudeaketa egokiago batetarako aukerez eta belaunaldien arteko erreleboa samurtzeko beharraz arituko da.

  Auzoetako ordezkariek antolatuta Santa Ana aretoan egingo den jardunaldia irekia da eta oñatiarrak ez ezik Debagoieneko baso-jabeak gonbidatzen dira.

  Baso eta egurgintza sektorea oso kezkatuta dago bereziki pinuak gogor erasotu dituen banda gorri-marroia gaitzagatik. Horretaz eztabaidatuko da, dudarik gabe, astearteko jardunaldian baina haratago begira jartzeko asmoa ere badute antolatzaileek. Urteetan diru irabazi handiak eman dituen pinu landaketen ordezko eta mendiarentzat jasangarriagoa den beste birlandatze eredu batzuez berba egingo da. Bide batez, norberak dituen zalantzak argitzeko topaketa edo foro izatea ere lortu nahi da.

  Gure basoen osasuna izeneko jardunaldia Santa Ana aretoan izango da, asteartean, 18:00tatik 20:00tara.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!