Gurasoen formaziorako lau hitzaldi antolatu ditu Hezkuntza Mahaiak ikasturte honetarako

2021/01/13
Card image cap
"Koronabirusa eta konfinamenduaren ondorioak" bi hitzalditan jorratuko da, adinka berezituta

  Herriko ikastetxeek, guraso elkarteek eta udaleko Hezkuntza eta Prebentzio departamentuek osatzen dute hezkuntzako  elkarlaneko mahaia. Taldearen helburu nagusienetakoa gurasoen formazioa hobetzeko eskaintza adostu eta antolatzea da. Eta egungo osasun egoerara egokituta, lau ikastaro antolatu dituzte ikasturte honetarako, bi on line formatuan izango dira, beste bi modu presentzialean.

  Koronabirusa eta konfinamenduaren ondorioak aztertuz hasiko da aurtengo Guraso eskola. Gaia, birritan aztertuko da, adinka berezitutako hitzaldietan. Urtarrilean, 13 eta 18 urte bitarteko seme-alabak dituzten gurasoei zuzendutako on line bidezko hitzaldia emango da, eta martxoan berriz, 2 eta 12 urte bitarteko haurrak dituzten gurasoentzat errepikatuko da, aurrez aurreko formatuan.

  Bizitzen ari garen garai hau ez da erraza inorentzat, ezta gurasoentzat ere, seme-alabak muga oso estutan bizi behar dutela ikusten baitute, eta gainera  muga horiek  seme-alabei azaldu, ulertarazi eta bete arazteaz arduratu behar direlako, sarritan. Egunerokotasunean sortzen diren egoerak aztertu eta horiei aurre egiteko orientabideak ematen saiatuko dira bi hitzaldietan. Lehena, esan bezala, DBH eta batxilergoko ikasleen gurasoei zuzenduta urtarrilaren 25ean egingo da, 18:15tan, modu telematikoan. Interesa duten gurasoek izena eman behar dute, Ainhoa Moiuari mezu elektronikoa bidalita: ainhoa@onati.eus. Izena emateko azken eguna datorren asteazkena, hilaren 20a izango da.

  2-12 urte bitarteko seme-alabak dituzten gurasoentzat hitzaldia, martxoaren 15ean egingo da. Aurrez, otsailaren 8an beste hitzaldi bat eskainiko da, hau ere, Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleen gurasoei zuzenduta: Helduen tokia haurren garapenean. Eta ikasturte honetako jarduna osatzeko, eta seme alaba nerabeak dituzten gurasoei zuzenduta berriro, Gazteen kontsumoak adimen emozionalarekin lotuta izeneko hitzaldia antolatu da apirilaren 27rako. Azken saio hori ere modu telematikoan egingo da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!