Oñatiko udala

Gripearen kontrako txertaketa kanpaina urriaren 24tik abenduaren 5era izango da aurten

2018/10/19
Card image cap
Astelehenean hasiko dira txandak ematen osasun zentroan

  Urtero bezala Osakidetzak gripearen aurkako txertaketa kanpaina jarri du abian. Asteazkenean, urriak 24an hasiko dira txertoak jartzen Oñatiko anbulatorioan, hartarako txanda astelehenetik aurrera eskatu ahal izango da. Txertaketa kanpaina abenduaren 5era arte luzatuko da.

  Erizain bat propio izendatu da txertoak jartzeko, baina kontsultetara doazen gaixoek dagokien erizainari ere eskatu ahal izango diote bakuna jartzea. Gogoratu, gripearen kontrako txertoa hartzeko gomendioa kolektibo berezi batzuei zuzentzen diela Osakidetzak: 65 urtetik gorako herritarrei, gaixo kronikoei, osasun arloko langileei eta haurdun dauden emakumeei.

  Lehenengo 1200 dosiak ekarri dira jada Oñatiko osasun zentrora. Baina aurreko urteetako kopuruen arabera, 2200 inguru beharko direla aurreikusten da. Falta diren 1000 dosiak, azaro amaieran jasotzea espero dute kanpainaren arduradunek. Gehiago beharko balira ekarriko liratekeela adierazi digu kanpainaren Oñatiko arduradunak.

  Urteetan auzoetara joan izan dira anbulatorioko erizainak bertako nagusiak txertatzera. Baina hitzordu horietara geroz eta jende gutxiago hurbiltzen zela ikusita irteerak bertan behera uztea erabaki zen iaz. Aurten ere, ez dira auzoetara irtengo eta gripea hartu nahi dutenek osasun zentrora joan beharko dute, aurrez, hartarako txanda eskatuta. Auzoetara ez baina jende nagusi asko dagoen herriko komentuetara bai joaten jarraituko dute anbulatorioko erizainek: Arantzazu, Bidaurreta eta Santa Anara, alegia. Eguneko zentrora ere joango dira. San Martin egoitzako egoiliarrak bertako erizainek txertatzen dituzte.

  Gripearen kontrako txertoak ez dauka gaixotasunaren kontrako erabateko babesik, baina gaixotuz gero, arinago pasa eta konplikazioak saihesteko aukera ematen dio gaixoari.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!