Greba Feministaren arrakasta azpimarratuz eta emakumeei eskerrak emanez osatu da martxoaren 8ko balorazio idatzia

2019/03/14
Zaintzaren bueltan egindako hausnarketak aurrerantzean eragina izatea espero dute M8 plataformako kideek

  Astearte arratsaldean bildu ziren Oñatiko M8 plataformako kideak aurreko ostiralean egin zen Greba Feministaren lehen balorazioa egiteko. Gaia sakonago aztertu behar dela eta horretan aurrerago arituko direla onartuta, mobilizazio gisa ostiralekoak arrakasta izugarria izan zela irakurri daiteke balorazio idatzian. Mezua herriko emakume ezberdin* eta anitzei* eskerrak emateko probestu nahi izan da, zailtasunak zailtasun, Greba Feministan parte hartu zuten guztiei eta baita ere  mobilizazioetara batu ezin izan zutenei.

  Bizitzak erdigunera! aldarrikapean egin zen Greba Feminista honetan foku nagusia zaintzaren gainean jarri zela gogoratzen da balorazio idatzian. Eta gaiaz gune ezberdinetan egin diren hausnarketa ariketa anitzek aurrerantzean ere eragina izatea espero dutela gaineratzen da. Alegia, benetako zaintza lanen birbanaketarako aurrerapausoak kontsolidatu eta sendotzea espero dutela.

  Baina zaintzaz haratago martxoaren 8an sistema oso bat salatu nahi izan zela adierazten da plataformaren balorazio idatzian: eredu hetero, patriarkatu, kapitalista eta kolonialista. Zapalkuntza anitzekin amaitzeko borroka feministan lanean jarraitzeko asmo eta mezua ere zabaltzen da. 

Iturria: Oñati Irratia