Goribar auzoko 16an aldagelak eta biltegia prestatzen ari dira udal brigadako langileentzat

2018/02/26
Card image cap
Ibilgailuak, materiala eta aldagelak eraikin berean bilduko dira

  Udal brigadako langileek batetik bestera mugitu behar izaten dute arropak aldatu, materiala hartu edo ibilgailuren bat behar badute. Orain arte Ibarrako aldagelak erabili dituzte baina ibilgailuak Goribar auzoan gordetzen dira. Bertan, hainbat material ere gordetzen da, tartean, udal artxiboari dagokiona. Espazioak bateratu eta zerbitzuak arrazionalizatzeko helburuz, Goribar auzoko 16an udalak dituen instalazioak brigadaren beharretarako egokitzea eta artxiboko materiala Bidebarrietako kaleko lokalera eramatea erabaki zen. Horren haritik, Hermansoloñak Bidebarrietan erabiltzen zuen lokala uztea eskatu zitzaion elkartasun taldeari eta espazioa egokitzeko lanak egingo dira datozen asteetan. Bide batez, Goribar auzoko 16an, brigadako langileen aldagelak eta materiala gordetzeko biltegia egokituko dira. Edo egokitzen hasi direla esan beharko genuke, brigadako langileak hasita baitaude eraisketa lanetan. Brigadako langileak arduratuko dira aipatu eraisketa lanak edota igeltserotza lanak egiten eta bestelako lan puntualak gremioen esku utziko dira. Aste honetan bertan, esaterako, pabilioiaren egitura gogortu eta barne banaketa lanak egingo dituzte kanpoko langileek.

  Goribar auzok 16. zenbakia egokitzeko lanen proiektuak 14-16 langilerentzat aldagelak, komunak eta bulego txiki bat egokitzea aurre ikusten du eta tarteko solairu metaliko bat ere egokituko da materiala pilatzeko toki gehiago lortzeko.
Dagoeneko hasita dauden lanok udal brigadako langileek egingo dituzte, esan bezala, gremioekin koordinatuz. Lanak sei astetan egitea aurre ikusten da eta 61.000 €ko aurrekontua dute, BEZ kanpo.

  Goribarren dagoen udal biltegia egokitzeko lan hauekin batera Bidebarrieta kaleko lokala egokitzeko lanak egingo dira, artxiboko biltegi moduan erabiliko den lokaleko lanak. Horien inguruko proiektua lantzen ari dira udal teknikariak. 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!