Goizeko 8etan itxi da saihesbideko errail bat kiroldegi parean.

2014/10/20
Tenis pistaren estalkia bertatik jarriko denez, muntaketa lanak amaitu bitartean, trafikoa, zabalik dagoen errailetik tartaka bideratuko da. Semaforoak jarri dira, ibilgailuen joan-etorria erregulatzeko.

  Kiroldegiko tenis pistetako bat estaltzeko estruktura jartzeko lanak hasi dira. Horretarako, garabi eta kamioiek barianteko errail bat okupatzen dute. Ondorioz, saihesbideko errail hori goizeko 8etatik itxita dago eta hala mantenduko da arratsaldeko 7ak arte. Egoera eta ordutegi berbera errepikatuko da datozen egunetan ere, muntaia lanak guztiz bukatu arte. Bitartean, trafikoa, zabalik dagoen errailetik bideratuko da.

  Zaila da zehaztea tenis pistaren estalkia jartzeko lanak noiz amaituko diren. Saihesbidearen errailetako bat okupatzeko baimen-epea, urriaren 31an betetzen da. Beraz, bi asteko tartea dago lanak egiteko.

  Kiroldegiko tenis pisten kokapenak berak eragin du estalkia jarri eta muntatzeko lan pisutsuak saihesbidetik egitera.

  Pasa den astean jada, estalkiari eutsiko dioten zutabeak eratzeko hormigoia bariantetik bota zen. Lan horiek egiten ziren bitartean, aldika, eta minutu batzuez, errail bat itxi egin zen. Baina gaurtik aurrera, errail mozketa jarraitua izango da goizeko 8etatik arratsaldeko 7ak arte. Gidariei arretaz eta pazientzia pitintxo batez gidatzeko gomendioa egiten zaie.

  Lanak amaituta, kiroldegiko beheko tenis pistak uhin formako estalkia izango du. Saihesbidetik bertatik ondo ikusiko da 7 metroko altuera hartuko baitu. Estalkiak, sabaian, argi naturala sartzen uzten duten panelak izango ditu.

Iturria: Oñati irratia