Goiko auzoetako baserri bideak garbitzen ari dira

2016/02/15
Neguko protokoloa indarrean dago eta elur maila jaitsi ahalaz elurra kentzeko ibilgailu berriak martxan jarriko dira

  Gauean zehar baina bereziki goizeko lehen ordutan Urtiagaindik gora elurra gogotik bota du eta goiko auzoak, Arantzazu, Araotz... zurituta daude. Foru Aldundiko makinak auzobide nagusiak garbitzen ari dira eta udalaren traktorea baserri bidetan ari da lanean. Gainontzeko ibilgailuak prest daude.

  Eguraldi iragarpenek diote prezipitazioak tartekatuz eta urrituz joango diren arren elur kotak jaisten jarraituko duela eta eguna amaitzerako 300-400 metrotan kokatuko dela. Horretxegatik, neguko protokoloa martxan da eta horretaz arduratzen diren udal langileak unean uneko egoera zaintzen ari dira.

  Udaleko lau teknikari izendatuta daude momentuko beharren arabera dauden baliabide tekniko eta pertsonalak lanean jartzeko. Udal brigadako langileak, kale garbitzaileak eta lorezaintza zerbitzukoak ere abisatuta daude beharra balego laguntzeko. Baliabide materialak bestalde gertu daude, bai elurra kentzeko palak edo gatza botatzeko elementuak dituzten motordun ibilgailuak, eskuz maneiatu daitezkeen pala-makinak eta motor gabeko gailuak ere bai. Udal biltegian nahikoa gatz badagoela adierazi digu udaltzain-buruak. Guztia gertu esan bezala, elur maila jaistearen zain. Bitartean eta goizean bertan hasita, goialdeko auzoetan baserri bideak garbitzen ari dira.
Abisuak, udaltzaingoan zentralizatzen ari dira. Beraz, larrialdiren bat gertatuz gero 943.081000 telefono zenbakira deitzea eskatzen da.

  Elurra eta hotza ditugu gaurko protagonista baina asteburuan, euria eta lur jausi txikiak izan ditugu. Larunbatean eguraldiak euritara gogor jo zuen eta bat-bateko zaparrada mardulek hainbat arazo sortu zituzten; San Martin auzoan eta Arantzazuko ama kalean hosto eta adarrez tapatuta zeuden arketek gainezka egin zuten putzu handiak eraginez. Gainera, Arantzazuko errepidearen hasieran eta Olaterako bidean lur jausiak sortu ziren. Guneak seinalizatu ziren eta abisua 112ra eman zen. Jaumendiko biribilgunean ere lur jausia gertatu zen. Larritasun handirik gabe baina arazo txiki ugari eragin dituzte asteburuko euriek.

Iturria: Oñati Irratia

Arantzazu gaur goizean