Gobernu taldeak asteroko bilera egingo du bihar arratsaldean

2017/10/11
52 gaiko lan zerrenda aztertuko dute

  Egutegian gorriz agertzen den arren, herriko hainbat enpresetan lan egingo da bihar. Udal gobernu taldeak ere asteroko bilera egingo du arratsaldean. Lan zerrendan gai ugari eta oso bariatuak jaso dira.

  Arantzazuko Ama kaleko 15-17 zenbakiak berreraikitzeko proposamena, uztailean amaitu ziren ur-uhinak proiektuko lanen likidazioa edota udal lorategietan neguko landareak sartzeko proposamena aztergai izango dira.

  Ongizate zerbitzuen eskutik, Bergarako Gureak tailerretara doazen herritarrentzat udalak jarri duen autobus zerbitzu bereziaren berri emango da eta Eguneko zentroan garatzen jarraitu asmo diren bi programen inguruko xehetasunak ere bai: animaliendako errespetutik, pertsonen ongizatera proiektua eta Jose de Azpiazu musika eskolarekin batera lantzen den musikoterapia jarduna.

   Datorren astean abian jarriko den Oñati dana zana egitasmoaren baitan Kale Barriako komertzioetan erakusgai jarri asmo diren argazkiak inprimatzea eta proiektuaren beraren informazioa zabaltzeko diptikoaren banaketa aurrekontuak proposatuko dira. Gaztelekuko erabileraren inguruko irizpideak ere eztabaidagai izango dira, bihar arratsaldean egingo den tokiko gobernu batzarrean.

  Guztira, 52 gai zerrendatu dira.

Iturria: Oñati Irratia