Gizarte zerbitzuetako laguntzak indartu ditu Udalak

2020/04/24
Bonu sozialak sortu ditu, premiazko produktuak erosteko, eta gizarte larrialdietako eskaeren gorakadari erantzuteko diru funtsa handitu du

  Gizarte zerbitzuetako laguntzak indartzen dabil Udala, herritarren beharrak handitzen ari baitira. Bonu sozialak sortu ditu baliabide urriko pertsonek edo familiek herriko dendetan elikagaiak eta garbitasunerako produktuak eros ditzaten. Bonu horiek eskuratu ahal izateko, Oñatin erroldatuta egon eta bertan bizi behar du eskatzaileak eta diru sarrerarik gabe egon behar du. Hala, 20.000 euroko igoera izan du halakoetara bideraturiko poltsak eta 50.000 euro daude orain.

  COVID-19aren eraginak ustekabean ez direla pasatzen ari eta zenbait herritarren egoera okertzen ari dela esan du Izaro Elorza alkateak. Herritar  horien beharrak asetzeko neurri berriak hartu beharrean daudela adierazi du. Beharrak identifikatzen eta laguntza berriak sortzen ari direla azpimarratu du.

  Premiazko produktuak erosteko bonu sozialak sortzeaz gain, Gizarte Larrialdietarako Laguntzen arloan ugaltzen ari diren eskaerei ere erantzuna ematen ari dira Udaleko Gizarte zerbitzuetan. Gizarte Larrialdietarako Laguntzak aldian-aldian ematen diren prestazio ekonomikoak dira, eta jasotzaileek edo haien familiako kideek eskura ditzaketen bestelako prestazioen ordezko zein osagarria izan daiteke. Gizarte bazterkeria egoerak prebenitzeko, saihesteko edo arintzeko, eguneroko gastuei aurre egiteko behar beste baliabide ez duten pertsonek jasotzen dituzte Gizarte Larrialdietarako Laguntzak etxebizitzen alokairua edo maileguen zati bat ordaintzeko, etxeko energia edo mantentze gastuetarako, arropa edo beste gastu pertsonaletarako ematen dira. Horretarako, eskatzaileak gutxienez sei hilabetez egon behar du EAEn erroldatuta, 18 urte baino gehiago izan behar ditu eta urtebete lehenago sorturikoa izan behar du bere bizikidetza unitateak, besteak beste. Dirulaguntza hauek eskuratu ahal izateko bizikidetza unitateko kide guztien diru-sarrerak aztertzen dira.

  Eusko Jaurlaritzak 50.644 euro jarri zituen urte hasieran Oñatiko beharrei erantzuteko eta beste 35.230 euroko ekarpena egin du COVID-19aren testuinguruan. Baina horrekin ez da nahikoa eta Udalak, 119.556 euro jarri ditu aurten, Gizarte Larrialdietarako Laguntzen zati handiena, alegia.

  Bestalde, Udalak jakinarazi nahi du Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak (SIIS), Dokumentazio eta Ikerketa Zentroarekin lankidetzan, webgune berria (www.covid19laguntzak.siis.net) sortu duela hainbat eskumen-eremutatik sortu diren gizarte alorreko laguntzei eta prestazio ekonomikoei buruzko informaziorako sarbidea errazteko. Gogoratu bestalde, herriko gizarte zerbitzuen bulegoko telefono zenbakia eta e-posta helbidea: 943 037 700 eta ongizatea@onati.eus.

Iturria: Oñati Irratia