Giza baliabideak eta antolakuntza teknikari lanposturako onartu eta baztertuen behin betiko zerrendak argitaratu dira

2015/12/28
Hautaketa prozesua zuzenduko duen epai mahaia ere izendatu da

  Azaro amaieran argitaratu zen behin behineko zerrendarekiko alegaziorik jaso ez denez, zerrendak bere horretan, behin betikotzat jo dira. Hala, lanpostura aurkeztu ziren 8 lagunetik zazpi onartu dira eta bat, hautaketa prozesutik kanpo utzi da, eskatutako titulaziorik presentatu ez duelako. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrendak zehazten dituen alkate dekretuan hautaketa prozesua zuzenduko duen epai mahaiaren berri ere ematen da. Guztia, Udaleko web orrian eta udaletxeko iragarki taulan argitaratu da.

  Udaleko giza baliabideak eta antolakuntza departamentuan aritzeko errefortzuko teknikaria kontratatuko da. Aldi baterako kontratazioa izango da, Udal Gobernu Taldeak onartu duen programa konkretua gauzatzeko. Krisia dela eta,  udaleko giza baliabideei zuzenean eragin dizkien hainbat neurri hartu ditu estatuko gobernuak. Ondorioz, udaleko giza baliabideek azterketa sakona behar dute, eta hauek antolatzeko tresnak ere egokitu behar dira. Udalak gainera, datorren urterako lan eskaintza publikoa onartu du, pasa den astean aurreratu genuenez, baina lan eskaintza hori gauzatu ahal izateko, ahalik eta berme juridiko zabalenak behar dira estatuko legeek ezartzen dituzten mugak gainditzeko. Horretaz arduratu beharko du aldi baterako kontratatuko den langile berriak.

  Hautaketa prozesurako onartu eta baztertuen behin betiko zerrendak argitaratuta, azterketaldia Gabonen ostean hastea aurre ikusten da baina oraindik ez da egunik zehaztu.


Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!