Gipuzkoako bertsolari txapelketarako sailkapen fasea maiatzaren 9an hasiko da

2015/04/29
Card image cap
Oñatiko bost bertsolarik parte hartuko dute eta maiatzaren 30ko saioak Oñatin, Santa Ana aretoan jokatuko dira

  Guztira, 74 bertsolarik parte hartuko dute Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasean. Horietako bost oñatiarrak dira: Maider Arregi, Andoni Goitia, Egoitz Aizpuru, Urko Egaña eta Joseba Lasagabaster.

  Hilabeteko epean 24 saio izango dira 12 herritan. Herri bakoitzean bi saio jokatu dira egun berean, goizez eta arratsaldez. Oñatin, maiatzaren 30ean izango da zita bikoitza, 11.30 eta 17.30tan.

  Bi itzuliko txapelketa da Gipuzkoa Bertsotan. Bertsolariek bitan kantatuko dute, batean goizez eta bestean arratsaldez. Bi saioetako puntuen batuketak emango du bertsolari bakoitzaren osoko puntuazioa eta horren arabera osatuko da sailkapena. Azken sailkapeneko lehenengo 30 bertsolarik lortuko dute Gipuzkoako Bertsolari Txapelketarako sailkatzea. Herrialdeko txapelketa irailaren 20tik abenduaren 20ra luzatuko da. Horretarako, 13 bertsolari zuzenean sailkatuta daude, orain lau urteko txapelketan, gutxienez finalaurrekoetara ailegatu zirelarik.

  19 lagunek osatuko dute epaile taldea, 9k gai jartzaile taldea eta lau idazkari arituk dira saiootan.

  Andoni Goitia izango da sailkapen fasean murgilduko den lehen oñatiarra, maiatzaren 9an Astigarragako goizeko saioan kantatuko baitu. Hurrengo egunean, arratsaldean, Urko Egaña Idiazabalen arituko da. Maiatzaren 16an Zaldibian izango dira saioak eta arratsaldekoan Maider Arregik eta Egoitz Aizpuruk bat egingo dute. Azkenik, Joseba Lasagabasterrek, maiatzaren 17an Hernanik kantatuko du. Egun berean, maiatzaren 17an hasiko da bigarren itzulia Urko Egaña eta Andoni Goitiarentzat. Biak Bergaran arituk dira, bat goizeko saioan eta bestea arratsaldekoan. Maiatzaren 30ean ere saioak Oñatin eta Zumaian jokatuko dira. Oñatin eta arratsaldeko saioan, Joseba Lasagabasterrek kantatuko du. Zumaian, goizez berriz, Maider Arregik. Azkenik, Egoitz Aizpuruk maiatzaren 31an Usurbilen kantatuko du.

  Saio bakoitzerako sarrerak 4 €tan salduko dira eta egun osokoa, 6 €tan. Sarrerak, egun berean salduko dira.

 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!