Oñatiko udala

Gipuzkoako Batzar Nagusietan autobus garraio publikoaren murrizketaz informazioa ematen aritu da gaur Mikel Biain

2018/01/18
Card image cap
Oposizioak gonbidatu zuen alkatea batzorde informatibora

  Batzar Nagusietako Mugikortasun eta Lurralde Antolaketako Batzordearen bileran aztertu da autobus garraio publikoaren gaia, eta konkretuki, Oñati eta Debagoienari eragin dioten murrizketak. Egoera zertan den eta udalaren aldetik egiten diren eskaerak azaldu ditu bileran Mikel Biain alkateak.

  Eskualdeko autobus zerbitzua berrantolatu zuen Diputazioak eta zerbitzu berriak urrian jarri ziren martxan. Debagoiena eta Zumarraga arteko norabide bikoitzeko linea zirkularra bertan behera utzi zen eta Arrasate-Oñati-Zumarraga eta Arrasate-Bergara-Zumarraga zerbitzu linealak abiatu ziren, Oñatik Bergararekin eta Aretxabaleta eta Eskoriatzarekin zuen lotura zuzena desagertuz. Aldaketa Oñatiren kalterako izan dela adierazi dute sarritan udalak eta herritarrek, eta lehengora ezin bada, lotura zuzeneko gutxieneko zerbitzu batzuk jartzea eskatu diote Foru Aldundiari. Eskaera hori 1500 herritar baino gehiagoren sinaduraz babestu zuen udalak abenduan Ahaldun Nagusiaren kabinete buruarekin egin zen bileran. Gaur goizean berriz, egoeraren berri eman da Batzar Nagusietako Mugikortasun eta Lurralde Antolaketako Batzordean.

  Batzorde informatibo hau, Lurraldebuseko Debagoienako zerbitzuen erabilera igo egin dela jakinarazi eta biharamunean egin da. 2017ko azken hiruhilekoan, Lurraldebusek Debagoienean hilean 38.600 bidaiari gehiago izan dituela kaleratu berri du Foru Aldundiak, aurreko urtean baino % 20 gehiago, alegia. Datu adierazgarri hori, Lurraldebusek joan den urrian eskualdean egin zuen berrantolaketarekin bat datorrela dio diputazioko prentsa-oharrak. Udal arduradunek argibideak eta linea bakoitzeko datu konkretuak eskatu dizkiote Aldundiari, Oñatiri dagozkion kopuruak zehatz-mehatz ezagutu asmoz. Foru erakundetik zabaldu den berria zuhurtziaz jaso dute eta herrikako eta lineako xehetasunak eskuratu nahi dituzte ondorioak atera aurretik. 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!