Gipuzkoa eta herriko jeltzaleen babesean aurkeztu zuen Ainhoa Galdos alkategaiak udalerako proiektua

2019/04/11
Card image cap
Oñati lozorrotik atera eta berriro martxan jartzeko egitasmo sendoa duela esan zuen

  Markel Olano Ahaldun Nagusia eta Joseba Egibar Gipuzkoako Buru Batzarreko presidentea alboan zituela aurkeztu zen Ainhoa Galdos alkategai jeltzalea, atzo arratsaldean. Herriko hainbat alderdikide ere hurbildu zen ekitaldi politikora. Herri proiektu handi bati jarraipena emateko, Oñatiri bultzada eta norabidea ematen jarraitzeko aurkezten zela esan zuen alkategai jeltzaleak. Oñati berriz ere martxan jarriko duen proiektu sendoa dutela gaineratuz. Geldirik dagoen herriak atzera egiten duela esan zuen Galdosek eta Oñatik ezin duela lozorroan geratu

  Uneotan Oñatiko EAJ hauteskunde-programa prestatzen ari da eta aste gutxiren buruan aurkeztuko dituzte bai programa baita hautagaitza osoa ere. Baina Galdosek aurreratu zuen herriaren bizi-kalitatea eta pertsonak izango direla zutabe nagusiak. Oñatin bizi diren guztien interesak babesteko asmoz datorrela esan zuen, baserritarrak, merkatariak, gazteak eta nagusienak.  Zentzu horretan, herri bizia, pertsonen ongizatea oinarri duena eta adin guztietarako dena, atsegina, garbia, txukuna, jasangarria eta irisgarria izan dadin lan egingo duela adierazi zuen alkategai jeltzaleak.

  Ainhoa Galdosek alderdiko ordezkariak alboan izan zituen atzoko aurkezpen ekitaldian. Gipuzkoako Diputatu Nagusirako hautagai den Markel Olanok, EAJren zigiluaz berba egin zuen kudeaketari erreferentzia eginez. Gipuzkoa Buru Batzarreko presidente den Joseba Egibarrek berriz, apirila eta maiatzeko hauteskunde guztien garrantzia azpimarratu zuen, han eta hemen, Oñatin, Madrilen edota Bruselan, helburua, arlo ekonomiko, sozial zein politikoan Euskadik aurrera egitea dela gaineratuz.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!