Oñatiko udala

Gipuzkoa eta Euskal Autonomia Erkidegoan ez bezala, langabeziak behera egin du Oñatin azken hilabetean.

2013/09/04
Uztailean izan zen igoera txikia irauliz, martxotik aipatzen ari garen langabeziaren beheranzko joerak jarraitzen du gurean.

  Urte osoa 500 langabetuen kopurutik gora eman eta gero, abuztu amaieran, 491 ziren Lanbideko bulegoetan lanik ez eta izena emana zuten oñatiarrak. Beste era batera esanda, abuztua, ehuneko 9,35eko langabezia tasarekin amaitu genuen.

  Uztailean apur bat gora egin zuen herriko langabeziak, eta ondorioz, martxotik hilero aipatzen genuen beheranzko joera apurtu egin zen. Abuztuan ordea, joera horri eutsi zaio berriro eta herriko langabeen kopurua murriztu egin da. Ekaineko datuekin alderatuta, 10 langabetu gutxiago ditugu une honetan Oñatin, 491, hain zuzen.

  Langabeziaren jaitsiera hori gizon nahiz emakumezkoen artean gertatu da baina nagusiki, 45 urteko emakumeen taldean, ekainean baino 13 emakume gutxiago erregistratu baitziren. Adin talde bereko gizonezkoen artean berriz, langabetuek apur bat gora egin dute, ekainean baino 3 gehiago erregistratu baitziren abuztuan zehar.

  Historikoki, abuztuan zehar langabeziak gora egiten du gurean. Aurreko bost urteetan beti hala gertatu baita. Aurten ordea, ohiko joera hori ez da errepikatu eta langabetuen kopurua murriztu egin da Oñatin. Historikoki baita ere, neguko kanpainari begira irailean kontratazio ugari egin izan dira eta langabeziak behera egin izan du. Ikusi egin behar, aurten hala errepikatzen ote den ala ez.

  Ingurura begiratuta, Oñatin gertatu denak joera nagusia apurtu duela esan behar da. Uztailean, langabeziak orokorrean behera egin zuenean Oñatin, pitin bat baina gora egin zuelako, eta abuztuan berriz, Gipuzkoa eta Euskal Autonomia Erkidegoan ez bezala, langabezia tasa murriztu egin delako. Lanbidetik zabaldutako azken datuen arabera, une honetan Oñatin, 491 langabetu ditugu, horietatik 234 gizonezkoak dira eta 257 emakumezkoak.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!