GI-2630 errepide nagusian, Torreauzorako sarbide inguruan, semaforoa jarriko du Foru Aldundiak

2017/10/31
Card image cap
Oinezkoen lotura egokitzeko aukeratu den irtenbidea ez da udalaren gustukoa

  Udalak, pasa den otsailean idatziz eskatu zion Aldundiari GI 2630 errepidean, Goribar eta Garibai auzoetan, bi biribilgune egin zitzan, inguruetan dauden industria gune eta auzoetarako sarbideak erraztu eta arriskuak murrizteko. GI 2630 errepidearen trafiko arazoa aspaldikoa da baina bereziki areagotu da errepidearen 18.400 kilometro puntuan,  ULMAk pabilioi berria eraiki baitu. Udalak, inguru horretan biribilgune bat egitea proposatu zion diputazioari baina semaforo bat jarriko dela jakinarazi berri da Donostiatik. Girder ingenieros enpresak egindako proiektuaren arabera Urbieta industria gunearen eta Torreauzorako sarbidearen oinezko lotura egokitzeko, errepidea gurutzatuko duen semaforo bidez araututako oinezkoen pasabidea egingo da. Lanak esleitu berri dira, Murias eraikuntza enpresak egingo ditu, ia 120.000 eurotan.

  Gaiaren berri udal gobernu batzarrean eman zenean alkatea guztiz kontra agertu zen, udalak otsailean aurkeztutako proposamena eztabaidatu gabe beste bide bat hartu dela ikusita. Aukeratutako irtenbidearekin ez dator bat udal taldea, Oñatitik egin zen proposamena, osotuagoa, eta ustez egokiagoa baitzen. Otsailean aldundian izan zen bileran gainera, foru erakundeko teknikaria semaforo bidezko irtenbide honen kontra agertu omen zen. Baina jakin berri denez horixe egingo da.

  Udalak, esan bezala, Goribar eta Garibai auzoetan biribilgune bana egitea proposatzen zuen GI 2630 errepidearen 18 eta 19 PK artean pilatzen den trafiko handi eta egoera arriskutsuei aurre egin ahal izateko. Garibai auzoko biribilgunea errepidearen 19. kilometroan egitea proposatu zen eta hala, Garibai eta Munazategi industria gunerako eta errepide ertzeko baserri multzorako sarrera egokituko litzateke. Goribar auzoko biribilgunea berriz,  errepidearen 18. kilometroa pasata egingo litzateke eta Dolaetxe, Urbieta, Etxehaundi industriagunea eta Torreauzorako sarrera antolatuko luke.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!