Oñatiko udala

Gerran parte hartu edo horren ondorioz zigortutako emakumeak omenduko dira aurtengo Intxortako Egunean, tartean, Edurne Galartza oñatiarra

2016/03/08
Card image cap

  Apirilak 24an  Elgetan, emakume erresistente eta errepresaliatuei omenaldia egingo zaie aurtengo Intxortako Erresistentzia Egunean. Gerra garaian miliziano, erizain eta beste ardura batzuekin aktiboki parte hartu zuten emakumeak ez ezik, ondorengo urteetan zigortuak izan zirenak ere gogoan hartu eta omenduko dira.

  Elgetako Udala eta Intxorta 1937 Kultur Elkartea elkarlanean ari dira apirilaren 24ko ekitaldiak antolatzen. Egun horretan, eguerdiko 13.00tan Elgetako plazan, 32 emakume hartuko dira gogoan errepresaliatuak izan ziren milaka lagunen ordezkari gisa. Aurtengo omenduek edo bere senitartekoek, Iñigo Arregiren artelana Egiaren iturria izeneko lanaren kopia bana jasoko dute. Omenduko diren 32 emakume horietatik sei debagoiendarrak dira, tartean, Edurne Galartza oñatiarra.

  Edurne Galartza Zulueta, lanbidez andereño edo maistra, kartzelan sartu zuten 1937ko uztailaren 24an eta Ondarretako kartzelara eraman zuten urte bereko abenduaren 19an, Gerrako garrak Oñatin liburuan jaso zenez. Gerra Kontseilua egin zioten eta bi urteko espetxe zigorra betetzera kondenatu zuten. Maistra lanetan aritzea debekatu zioten baina urte batzuetara hartarako baimena eman zitzaion, hori bai, Euskal Herritik kanpora, Burgosko herri txiki batean hasi behar izan zuen. Bere kontrako testigantza eman zutenek ideologia abertzale sutsua zuela, Batzokiko Emakumeak elkarteko kidea zela eta haurrei euskal dantzak erakusten zizkiela esan zuten, besteak beste. Elgetan datorren hilean omenduko dituzten gainontzeko emakumeen kasuak antzerakoak dira.

  Intxortako Erresistentzia Eguna 10.30tan hasiko da gudari eta milizianoen igoerarekin. Lore eskaintza egingo da Salbadorreko monolitoan eta gerraren errekreazioa, Intxortako Atean. Handik itzulita, emakume erresistente eta errepresaliatuei omenaldia Plazan eskainiko zaie 13.00tan eta amaitzeko bazkari herrikoia egingo da pilotalekuan.

  Iaz, Intxortako Egunaren baitan gudari eta milizianoak omendu ziren, tartean, Regino Biain oñatiarra, aurten, emakume erresistente eta errepresaliatuak, eta beste oñatiar bat, Edurne Galartza Zulueta hartuko da gogoan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!