Gaztetxeen kontrako dinamikan kokatu dute Antixenako gazteek larunbatean jan-edana saltzeko Ertzaintzak jakinarazitako debekua

2021/03/29
Card image cap
Batzoki aurrealdea larunbat ilunkaran
Oñatiko EAJk janaria Batzokiaren kanpoaldean bota izana salatu egin du

  Korrika eguna antolatua zuen Gaztetxeak larunbaterako. Aurten Korrikarik ez eta AEKri laguntzeko dirua lortzea zen helburua. Doako bi kontzertu programatu ziren baina barra zerbitzua iragarri zen, edari eta pintxoekin. Egitaraua aire librean antolatu zen, segurtasun neurriak gordeaz eta dena gertu zegoenean, irekitzeko minutu gutxi falta zirenean, bost ertzain bertaratu omen ziren, arduradunengatik galdetzen. Asanbladako hiru kide identifikatu zituzten eta jan-edana saltzeko lizentziarik ez zutela jakinarazi zieten, halakorik zerbitzatzea debekatuz.

  Kontzertuak egin-egin ziren baina atzo goizerako elkarretaratzea deitu zen. Plazan egin zen ekintzan, bezperako debekua, gaztetxeen kontrako dinamikan kokatu zuten Antixenako gazteek.

  Bitartean, Oñatiko EAJk Batzokiaren kontrako erasoa salatu du sare sozialen bidez zabaldutako oharrean. Larunbat ilunkaran Batzokiaren kanpoaldean janaria botata agertu zen eta paretan AEK-rentzat dirua ateratzeko zen janari hau zioten kartelak. Halakoekin nazkatuta eta nekatuta daudela adierazi du Oñatiko Uribatzarreko presidenteak. Edozer gertatzen dela beti EAJren kontra doazela eta jarrera horrekin ez goazela inora gaineratu du. Horregatik, egileei zertan ari diren pentsatzeko eskatu die.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!