Gaztelekuko taldea “Zuk zeuk” lehiaketako finalean ari da, beste 19 talderekin

2021/03/23
Garapen iraunkorrerako helburuak lantzen dituen ginkana erraldoia parte hartuko dute, ostiralera bitartean

  Feel My Way kooperatibak 14 eta 18 urte bitarteko nerabeei zuzenduta antolatzen duen lehiaketa da Zuk zeuk. Ekimena Euskal Herriko 12 eragileren babesaz gauzatzen dute, tartean dira adibidez Gipuzkoako Foru Aldundia, Laboral Kutxa, Ausolan Fundazioa edota Mondragon Team Academy.

  Lehiaketaren xedea garapen iraunkorreko helburuak lantzea da modu ludiko eta dibertigarrian. Elkartasuna, goserik eza, ekoizpen eta kontsumo arduratsua, mugikortasun iraunkorra, bizitzarako gaitasuna edota ekintzailetasuna jorratu dute balio ezberdina zuten probak eginez. 900 gaztek ekin zioten lehiaketari eta aste honetan jokatzen den finalean 300 ari dira, tartean, Oñatiko Gaztelekuko taldea.

  Zuk zeuk lehiaketa eguneko ginkana handi bat eginez amaitzen zen, baina gaurko osasun egoerak hala eraginda, aurten ginkana erraldoia modu telematikoan egingo dute, astebeteko iraupenez. Plataforma berezi bat sortu da horretarako eta erronkaz erronka ari dira taldeak puntuak batzen. Finalerako sailkatu diren 20 taldek 700 eta 1000 euro arteko sariak eskuratuko dituzte. Dirua, taldeak aukeratuko duen bidaia baterako deskontu gisa jasoko dute.

  Mugikortasuna mugatuta dugun honetan talde bidaia egin ahal izatea gazteentzat motibagarria izan dela adierazi dute antolakuntza taldeko kideek. Baina garrantzitsuena, jolasean eta kasik konturatu gabe, iraunkortasunari lortutako hainbat gairen inguruan pentsatu eta kontzeptu berriak barneratu izana dela azpimarratu dute.

  Feel My Way kooperatibak sei urte daramatza Euskal Herriko 14 eta 18 urte bitarteko gazteentzat aisialdi eta bidaiei lotutako esperientziak antolatzen. Zuk zeuk lehiaketaren lehenengo edizioa Txantxiku Ikastolako talde batek irabazi zuen. Aurten ere, oñatiarrak, Gaztelekukoak hortxe daude finalean lehiatzen.

Iturria: Oñati Irratia

Finalaren aurkezpena atzo Gipuzkoako Foru Aldundian