Gazteen aisialdirako lokalak arautzeko udal ordenantzari alegazioak aurkezteko epea azaroaren 20ra arte

2015/10/16
Dokumentua, udaleko web atarian dago ikusgai

  Hasiera bateko izaeraz onartu zen udal ordenantzan, besteak beste, gazteen aisialdirako erabiltzen diren lokalek bete beharko dituzten oinarrizko baldintzak zehazten dira, bai higiene nahiz segurtasun aldetik bete beharrekoak. Lokalek, komuna eta ur hartunea izan beharko dute, argindar instalazioa egoki dagoenaren ziurtagiria eta hozkailua eta mikrouhin labea izatea onartuko bada ere, ezin izango da bertan sukaldatu.

  Aisialdirako gazte lokalen gutxieneko azalera edo lokal batetik bestera gorde beharko den gutxieneko distantzia ere mugatzen da ordenantzan. Zaratei dagokienean, 8.00etatik 23.00ak arte ezin izango da 40 dezibelio baino altuagoa izan eta 23.00etatik aurrera berriz, 30 dezibeliotara jaitsiko da zarata muga.

  Gazteen aisialdirako lokalek bete beharreko ezaugarriak eta baldintzak gehiago dira, dokumentua kontsultatu nahi duenak udaleko web atarian dauka eskuragarri, www.oñati.eus atarian.  Izan ere, gaurdanik, jende agirian baitago. Norbaitek zuzenketaren bat egin nahi badu ere, horretarako aukera izango du azaroaren 20a bitartean.

  Baina gazte lokalen ordenantzak  lokal jabe, erabiltzaile eta inguruko bizilagunen arteko elkarbizitzarako oinarrizko tresna izan nahi du. Alde horretatik, diziplina araubidea ere jaso du, alegia, arazoren bat sortuko balitz jarraituko litzatekeen prozedura zehaztu du. Bitartekaritza protokolo bat osatu da, elkarrizketa lehenetsiz. Udaletxean erregistratzen diren lehen kexen berri lokal erabiltzaile nahiz jabeari jakinaraziko zaizkie neurriak jar ditzaten. Bigarren kexa bat erregistratuko balitz, bizikidetza mahaia izeneko organoa deituko litzateke. Bizikidetza mahaian  lokaleko erabiltzaile, bizilagun, lokaleko jabe, udaleko gazteria teknikaria eta partaidetza eta garapen teknikariak parte hartuko dute eta planteatutako arazoaren izaeraren arabera beste udal teknikari batzuk ere deitu daitezke. Adostutako irtenbiderik lortuko ez balitz, udal ordenantzan jaso den diziplina prozedura aplikatuko da. Gazteak bestalde, Gazteria udal teknikariarengana zuzendu ahal izango dira edonoiz aholku edota bitartekaritza eske.

  Udal ordenantzak arau hausteak eta ondorioz jarriko diren zigorrak ere zerrendatzen ditu. Arau hausteak arinak, larriak edo oso larriak izan daitezke eta isunak berriz, 100 eta 3000 euro artekoak.

  EAJ udal taldearen abstentzioaz onartu zen azken Osoko Bilkuran gazteen aisialdirako lokalak arautzen dituen udal ordenantza. Horren iragarkia gaur argitaratu da, iradokizun eta alegazioetarako 30 eguneko epea irekiz.

Iturria: Oñati Irratia