Gazte taldeek garatutako jarduerak eta egitarauetarako diru-laguntzak eskatzeko bigarren deialdia ireki berri da.

2014/10/01
Diru-laguntzak, kultur sormena eta hedapenerako bideratzen dira.

  Apirilean egin zen lehen deialdian, hartarako zegoen diru partida agortu ez zenez, bigarren deialdia kaleratu da orain. Gazteek, banaka edo taldeka, urriaren 24ra arteko epe berria dute gaztedia departamentuko diru laguntza hauek eskatzeko.

  Diru-laguntza hauen eskatzaileak, gazte mailako irabazi asmorik gabeko herriko erakunde, talde edo norbanakoak izango dira. Deialdira aurkezteko nahikoa izango da talde eskatzailearen erdiak eta banakako eskatzaileak Oñatin erroldatuta egotea eta 12 eta 30 urte bitartekoak izatea.

  Diru-laguntza hauek eskuratzeko, eskatzaileek gazte informazio bulegoan eskuratuko duten eskaera fitxa idazki ofiziala bete behar dute eta honekin batera hainbat agiri aurkeztu behar dituzte: taldearen orain arteko jarduerak eta helburuak laburtzen dituen kurrikulum modukoa, taldearen arduradunen nortasun agiriaren fotokopia eta aurkezten duten egitarau bakoitzeko eskaera fitxa bana. Ekintzaren fitxan, urteko gastu sarreren aurrekontua, aurreikusten diren epe eta datak eta helburuak zehaztu behar dira.

  Aurten, gaztedia batzordeak 10 mila euro zituen arlo horretan diharduten herriko talde edo banakakoen artean banatzeko. Lehen deialdian 2.600 euro banatuta, 7.400 euro geratzen dira orain banatzeko.

  Udaberriko lehen deialdian, Gela berezia, Ixilik eta Malenkonia musika taldeek eskuratu zuten udalaren diru laguntza.

Iturria: Oñati irratia

Argazkia: EAB