Gazte lokalen inguruko hausnarketa eta eztabaida bilerek harrera ona eta partaidetza handia izan dute.

2015/02/05
Otsaila eta martxorako zehaztu diren saio bateratuak Gaztelekuan egitea erabaki da.

  Izan ere, orain arteko bilerak, taldeka edo kolektiboka egin dira. Baina deialdiek izan duten erantzun zabala ikusita, hurrengo saioak, lokal handiago batean egitera bultzatu ditu antolatzaileak. Hala, hasieran, Bidebarrietako erabilera anitzeko gelan egitea aurre ikusi bazen ere, Gaztelekura aldatu dira. Kontu egin behar da gainera, hurrengo bilera horiek bateratuak izango direla, gazte, lokal jabe, bizilagun eta gurasoei zuzendutakoak. Horretxegatik, jende asko bildu daitekeela eta, bilarak leku handiago batera aldatu dira.

  Otsaila eta martxoan zehar beste hiru saio bateratu egitea aurre ikusi da eta gazte lokalen inguruan bat egiten duten kolektibo ezberdinak batuz egingo dira esan bezala. Nolakoa da gazte lokalen inguruko elkarbizitza? Harremanak eta beharrak. Nolako elkarbizitza nahi dugu? Ze egoeran egon beharko lukete lokalak? Elkarbizitza… hartu eta eman. Ze adostu dezakegu dira, saio bateratu hauetan mahai gaineratuko diren gai nagusiak. Helburua, elkarrekin hausnartu, besteen lekuan jarri eta ahal den neurrian, adostasunetara iristea da.

  Otsailaren 11 eta 25ean eta martxoaren 11an egingo diren saio bateratu hauekin osatuko da gazte lokalen inguruko parte-hartze fasea. Hala ere, ez da guztiz baztertzen, beharra ikusiz gero, kontrasterako beste bilera edo saio bateraturik deitzea.

  Datozen asteetarako, hitzaldi bat ere zehazten ari dira prozesu honetaz arduratzen diren teknikariak. Euskal Herriko Unibertsitateko soziologiako lantalde batekin harremanetan daude gazte lokalen eta elkarbizitzaren inguruko hitzaldia eman dezaten. Hilabete honetan bertan, otsailean egin asmo da baina eguna oraindik zehazteke dago.

Iturria: Oñati irratia

Gazte lokalei buruz egindako lehen bilera