Gazte lokalek jarduera baimena beharko dute

2015/07/20
Gazte lokalen ordenantza proposamena eramango da iraileko Osoko Bilkurara eta elkarbizitzarako aholku gida bat argitaratuko da

  Gabonetan hasitako hausnarketa prozesuaren emaitza izango dira bai ordenantza eta baita gida ere. Gazteak, gurasoak, lokal jabeak eta bizilagunak, elkarbizitza hobetze aldera hainbat gai plazaratu zituzten eta horien inguruan eztabaidatu zuten. Lokalek segurtasun eta osasun aldetik bete beharreko gutxieneko baldintzak, zaratak ekiditea eta ingurua txukun mantentzea izan ziren aztertutako gaietako batzuk. Guzti horiek ordenantza bidez arautzea komenigarritzat jo da herritar guztien eskubideak eta betebeharrak errespetatzeko helburuarekin. 
Ordenantzan, besteak beste, lokalek bete beharko dituzten oinarrizko baldintzak zehaztuko dira: komuna eta ur hartunea izan beharko dute, argindar instalazioa egoki dagoenaren ziurtagiria eta hozkailua eta mikrouhin labea izatea onartuko bada ere, ezin izango da bertan sukaldatu. Aisialdirako gazte lokalen arteko gutxieneko distantzia ere mugatu asmo da. Gazte lokal gisa erabiltzeko alokatuko diren aisialdi lokalek jarduera baimena izan beharko dutela ere zehazten da. Zaratei dagokienean, goizeko 8etatik gaueko 11ak arte ezin izango da 40 dezibelio baino altuagoa izan eta gaueko 11etatik aurrera berriz, 30 dezibeloitara jaitsiko da zarata muga. Gazte lokalen ordenantzan arautuko diren gaietako batzuk dira.

  Elkarbizitzarako aholku gida bat ere osatu da, lokal erabiltzaileen eta bizilagunen arteko harremanak ahalik eta osasuntsuenak izan daitezen. Gida horretan, besteak beste, lokala dagoen eraikineko komunitate administraria ezagutu eta komunitate bileretara joateko gomendioa ematen da.

  Aisialdi lokalak arautzeko ordenantza irailerako prest izango da, hile amaierako Osoko Bilkuran aurkeztu eta onartu asmo baita. Hortik aurrera, urtebeteko epea zabalduko da funtzionamenduan dauden gazte lokalak erregularizatzeko, dagokion jarduera baimena eskatuta. Lokalen erregistroa osatu ahal izango da, bai beteta nahiz hutsik daudenak. Horrela, lokal bila dabiltzan gazteek, erregistrora jo ahal izango dute.

Iturria: Oñati Irratia