Gazte lokalak erregularizatzeko diru laguntzak eskatu daitezke jada

2017/02/20
Lokalen jarduera legeztatzeko txosten teknikoak idazteko eta erantzukizun zibileko asegurua kontratatzeko diru laguntzak emango ditu udalak

  Urtarrileko Osoko Bilkuran aho batez onartu ziren diru laguntza hauen oinarriak. Otsailaren 17an argitaratu zen horretarako deialdia. Interesa duten lokal jabe eta erabiltzaileek udalaren diru laguntza eskatu dezakete jada, abenduaren 31ra arte. Izan ere, diru laguntza hauek bi gastu konkretu arintzeko eskatu daitezke: lokalen jardueraren aurretiazko komunikazioekin aurkeztu behar diren txosten teknikoak idazteko eta erantzukizun zibileko asegurua egiteko. Txosten teknikoak lokal jabeek aurkeztu behar dituzte baina erantzukizun zibileko asegurua jabeen edo erabiltzaile diren gazteen izenean egon liteke, eta ondorioz, hartarako laguntza, batzuek zein besteek eskatu dezakete, esan bezala.

  Aurretiazko komunikazioa egiteko beharrezkoa den txosten teknikoa idazteko diru laguntza gastuaren  %100 estaltzerainokoa izan liteke, baina beti ere, 800 euroko mugarekin. Udalaren diru laguntza eskuratzen duten lokal jabeek gainera, lokalaren jarduera gazte lokal gisa mantendu beharko dute gutxienez bi urtez. Erantzukizun zibileko asegurua egiteko diru laguntzak berriz, aseguru polizaren % 80raino estali dezakete, 300 euroko mugarekin.

  Gazteria departamentuak martxan ziren 23 lokal identifikatu zituen azken erroldan. Horiek legeztatzeko abenduaren 31ra arteko epe berria eman zen abenduko Osoko Bilkuran. Hortik aurrera, legeztatu gabeko lokalak itxi egin ahal izango dira.
Gazteen aisiarako eta elkartzeko gune gisa dagoeneko erabiltzen diren lokalen jabeek nahiz aurrerantzean erabilpen hori eman nahi dieten lokal berrien jabeek, jarduera legeztatzeko txosten teknikoa aurkeztu behar dute udaletxean. Horretarako gastuak arintzera datoz ostiralean argitaratu ziren diru laguntza hauek.

  40.000 euroko partida dago aurtengo aurrekontuetan gazte lokalak egokitzeko diru laguntzetarako. Eskaerak, udal bulegoetan egin behar dira eta horretarako epea, urte amaierara arte, abenduaren 31ra arte izango da.

Iturria: Oñati Irratia