Gazte lokalak egokitzeko diru laguntzak martxan jartzea eskatu dio EAJk Udal Gobernuari

2016/06/17
40.000 euroko diru partida dago aurrekontuetan

  Gazte lokalek gutxieneko segurtasun eta higiene baldintzak bete ditzaten, udal arautegia onartu zen urte hasieran. Horren arabera, lokal baten jabeak, gazteei alokatu aurretik Udalak emango duen jarduera baimena eskuratu behar du. Egun jada gazteen aisialdirako lokal gisa erabiltzen direnak berriz, ordenantzak zehaztutako baldintzetara egokitu behar dira. Gazte lokalen jarraipena bermatu ahal izateko, ezarritako segurtasun eta intsonorizazio baldintzetara egokitzeko diru laguntzak martxan jarri daitezela eskatu zuen EAJk atzoko Gazteria Batzordean.

  Aurtengo aurrekontuak eztabaidatu zirenean bi urterako diru-laguntza programa martxan jartzea proposatu zuten jeltzaleek. Gobernu taldeak ontzat eman zuen eta 40.000 euroko partida egokitu zen hartarako. Marijo Etxegoien zinegotzi jeltzaleak, diru partida hori martxan jartzea eskatu zuen Gazteria Batzordeak atzo goizean egin zuen bileran. Bide bateaz, diru laguntzak esleitzeko baldintzak, gazteekin eta oposizioko alderdiarekin lantzea eskatu zuen, EAJk prentsa ohar bidez jakinarazi duenez.

  Jeltzaleek ezinbestekotzat jo dute gazte lokalen hobekuntza lanetarako laguntzak ematea, egokitzapen gastuei aurre egin ezinda, lokalik itxi ez dadin.

Iturria: Oñati Irratia