Gaur ireki da 2020-2021 ikasturterako eta derrigorrezko hezkuntza maila ezberdinetan aurre-matrikula egiteko epea

2020/01/27
Card image cap
Izen-ematea otsailaren 7ra arte luzatuko da

  Orokorrean, aurre-matrikula egiteko deialdi honek 2 eta 16 urte bitarteko haur eta gaztetxoei dagokie, baina bereziki, datorren ikasturtean eskolara lehen aldiz joango diren neska-mutikoei zuzenduta dago; besteek, normalean, ikasten duten zentroan edo, gutxienez, ikasketa ereduan jarraituko baitute. 2018an jaiotako 95 haurrak dira beraz, nagusiki, bi asteotan zehar herriko ikastetxeetan matrikulatuko direnak.

  Herriko ikastetxeetan, bereziki ikasle berri horien gurasoei zuzenduta, aurkezpen ekitaldiak eta instalazioak ezagutzeko bisitaldiak egin dira. Ikastetxe bakoitzaren hezkuntza ereduaz, baliabideez eta zerbitzu osagarriez informazioa emateko bilera pertsonalizatuak egingo dira, hala eskatzen duten gurasoekin, aurre-matrikula epeak zabalik dirauen bitartean. Herriko haur eta lehen hezkuntzako hiru ikastetxeetan gainera, ate ireki jardunak egin dituzte aurreko astean, asteburuan, nagusiki.

  Aurten, azken urteetan bezala, haur, lehen eta derrigorrezko bigarren hezkuntzan aurre-matrikula betetzeko tramitazio guztia internet bidez egin daiteke. Kasu horretan, izen-ematea otsailaren 6an amaituko da.

  Aurre-matrikula epea zabalik dago derrigorrezko hezkuntza maila guztietan, baita bigarren hezkuntzan ere. Maila honetan ez da aldaketa handirik izaten. Ikastetxe-egoitza aldatu arren, gehienetan, ikasitako ereduan eta hezkuntza bidean jarraitzen da. Dena den, maila honetan ere ate ireki jardunak egin ohi dira. Zuazola institutuan, esaterako, bihar 18:00tatik aurrera izango da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!