Oñatiko udala

Gaur amaitzen da Udalak kontratatuko dituen 4 pioi lanpostuetarako izen emate epea

2015/07/13
Card image cap
Lanbide enplegu zerbitzuan 34 eskaera jaso dira orain arte

  Izena emateko Lanbideren web atarian sartu behar da. www.lanbide.euskadi.eus  atarian sartuta, izena, zuzenean eman daiteke edo  bertan agertzen den telefono zenbakietako batera deituta. Izena emateko, nortasun agiria, DARDE aztarna eta lan eskaintzaren kode zenbakia beharko da.

  2015eko Enplegu Planaren baitan bete asmo diren pioi lanpostueta aurkezteko oinarrizko hiru baldintza bete behar dira: Oñatin erroldatuta egotea, eskola ziurtagiria izatea eta B gida baimenaren jabe izatea. Lanbide enplegu zerbitzuan lan-eskatzaile gisa alta emanda egon behar da. 

  Udalak, pioi lanetarako 4 langabetu kontratatuko ditu. Hiru, hasieran behintzat baso lanetan arituko direla kontutan hartuta, aurrez horretan aritu izana, alegia, esperientzia izatea baloratuko da.Mendiko lanak amaituta, udal brigadara batuko dira. Laugarren pioia berriz, hasieratik arituko da udal brigadan lanean. Auzoak eta landa garapena arloan arituko direnek auzo-bideen mantenuan, areken garbiketan, belarra mozten edota Aloña aldean, larreetako karduak mozten arituko dira nagusiki. Udal brigadan arituko denak berriz, oinarrizko mantenu lanak eta muntaia-desmuntaia lanetan jardun beharko du. Laurei, sei hilabeterako egun osoko kontratua egingo zaie.

  Hautagaien izen ematea Lanbideren bitartez egiten ari bada ere, langileen hautaketa Udalak berak egingo du. Lanbidetik jasotzen diren hautagaiak elkarrizketatuko dira eta beharrezko agiriak eskatuko zaizkie balorazioa egiteko. Hautaketa prozesu hori ahalik eta arinen egin nahi da, mendiko lanetan lehenbailehen hastea komeni da eta pioiak hila amaitu baino lehen lanean hastea nahi da.

  Lanbideko datuen arabera, 34 lagun dira dagoeneko pioi lanpostu hauetara aurkeztu direnak. Gaur da izena emateko azken eguna.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!