Gaur amaitzen da udalak kontratatuko dituen 4 pioi lanpostuetarako izen emate epea.

2014/07/14
Lehen hautagaiekin bihar bertan hasiko dira elkarrizketak egiten. Asmoa, kontratatuko diren lau langabetuak nortzuk diren ostegunean bertan zehaztuta uztea da.

  Udalak, Lanbideko web atariaren bitartez egin zuen pasa den astelehenean aipatzen ari garen lau lanpostu hauetarako deialdia.  Interesatuek, izena ere atari horretan sartuz edo Lanbideko bulegora joanez eman behar dute. Baina kontu egin gaur dela izena emateko azken eguna.

  Lanpostu hauetara aurkeztu ahal izateko oinarrizko baldintzak langabezian egonik Lanbide zerbitzuan izena emanda izatea eta Oñatin erroldatuta egotea da. Horrezaz gain, eskola ziurtagiria izatea ere eskatzen da.

  Udalak, Lanbiderekin elkarlanean, lau langabetu kontratatuko ditu pioi lanetan aritzeko. Egingo diren lau kontratazioetatik bi, RGI edo dirusarreren berma-errenta jasotzaile direnei egingo zaizkie. Beste biak, 2013ko enplegua sustatzeko deialdian lehentasunezko kolektibotzat jotzen diren taldekoak izango dira.

  4 langile hauek 6 hilabetetarako eta lan-jardun osoz kontratatuko ditu udalak. Lanean, irailaren 15ean hasiko diren arren, aste honetan bertan jakingo da nortzuk kontratatuko diren.Izena emateko epea gaur bertan amaitzen bada ere, bihar hasiko baitira elkarrizketak egiten.

  Lanbiden erregistratu ziren lehen hautagaiak elkarrizketara deitu dituzten jada. Hautagaiekin elkarrizketak, bihar, etzi eta etzidamu bitartean egin asmo dira. Elkarrizketa hauetan, balorazioa egiteko beharrezko agiriak eskatuko zaizkie eta duten motibazioa neurtzen saiatuko dira.

  Lehen elkarrizketak bihar hasiko diren arren, izena eman nahi dutenek hartarako aukera badute oraindik, epea, gaur amaitzen baita. Izena,  Lanbideren bulegora joanda edo www.lanbide.net atarian sartuta eman behar da. Orain arte, 29 lagun aurkeztu dira.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!