Gaur amaituko dira Araotzen errepide mozketak

2019/03/22
Bidea zabaltzeko lanak erabat bukatu ez diren arren, errepidea libre dela egingo dira

  9 astez luzatu dira Araotzeko errepidearen goiz eta arratsaldeko mozketak. Tartean, gauez ere itxi zen beste hiru bat astez. Bitarte horretan Leuzarra deitutako parajean errepidea zabaltzeko lanak egin dira. Mendia hondeatu eta harri horma egonkortu da, hormigoizko geruza, burnizko sare eta buloiekin. Drainadura sarea berritzeko hormigoizko areka berria egin da eta manposteriako petrilaren ordez harlangaitzezko petril berria osatu da.

  Errepidea zabaltzeko oinarrizko lan estrukturalak gaur amaituko dira. Gaurkoak beraz, azken errepide mozketak dira eta arratsaldeko 17:00tan ireki ondoren ez da berriro itxi beharrik izango.

  Araotzeko errepidea zabaltzeko lanak lehen kilometroa pasata egin dira. Orain, bideak, ia bost metro eta erdiko zabalera du, alegia, bi ibilgailu pasatzeko nahikoa leku. Zabaltze lan hauek guztiz osatzeko seinalizazioa, pintaketa eta beste lantxo batzuk falta direla adierazi digu auzo-alkateak. Prebisioak beraz beteko dira, lanok egiteko 10 asteko epea eman baitzuen Diputazioak, eta esan bezala, gaur beteko dena 9.a da.

Iturria: Oñati Irratia