Gauetan guardiako farmazia zerbitzuak Arrasaten zentralizatuta jarraituko du.

2014/02/19
Euskal Herriko auzitegi Nagusiko administrazio auzibideetarako aretoak Oñatiko udalaren kontrako sententzia eman du. 2011-2012ko kontuetaz ari gara.

  Orduan, Osasun sailburuordeak Arrasate, Oñati eta Leintz bailarako farmazia-guneak batu eta gaueko guardia zerbitzua zentralizatuz Arrasateko botika batean eskaintzea erabaki zuen. Erabakia, 2012a hastearekin batera sartu zen indarrean. Baina urte bereko otsailean, Oñatiko udal plenoak ebazpenaren aurka administrazioarekiko auzi errekurtsoa jartzea erabaki zen. Sententzia, orain egun gutxi jaso da udaletxean. Eta esan bezala, udalak jarritako errekurtsoaren kontrakoa izan da.

  Auzia erabaki duen epaileak, Oñatiko udalak egindako defentsa bizia izan dela onartu arren, kontrako argumentuak dituela zehazten du eta horiek zerrendatzerakoan lau arrazoi nagusi ematen ditu:

  Oñatiko udala izan dela gaueko guardia-farmazia zerbitzua zentralizatzearen aurka jo duen udal bakarra, neurriak, Eskoriatza, Aretxabaleta, Leintz-Gatzaga eta Aramaiori ere eragiten zien arren.

  Eskualdeko larrialdi zerbitzua Arrasaten ospitalean dagoela eta ondorioz, ordu txikitan botika baten beharra duenak aurrez osasun zentro horretaraino joan behar izan duela.

  Arrasate bailara erdian kokatzen dela eta laugarrenik, Oñatiko farmazialariek egindako txostenaren arabera, gaueko larrialdi ordutegian, herriko farmazien erabilera oso txikia zela.

  Lau arrazoi nagusi horietan oinarritu du epaileak, Udalak aurkeztutako errekurtsoaren aurkako erabakia.

  Hori adieraziz eta tartejarri zen helegitea bertan behera uztearen ondoriozko kostak Oñatiko udalak ordaindu beharko dituela jakinaraziz epaitegiko agiria jaso da udaletxean. Aipatu kostak, gehien jota 500 euro izango dira.

  Euskal Herriko auzitegi Nagusiko administrazio auzibideetarako aretoak hartutako erabakiaren ondorioz, Oñatiko botikek urteetan bete zuten gaueko guardia zerbitzua berriro herrira bueltatzea ezinezkoa egingo du. Bai behintzat, administrazio edo osasun arduradunek kontrakorik erabakitzen ez badute.

  2012az geroztik, gaueko 10etatik goizeko 9ak arteko guardiako botika zerbitzua Arrasateko farmaziek betetzen dute. Eta Oñatikoek, iluntzeko 8etatik 10ak arteko zerbitzua betetzen dute.

Iturria: Oñati irratia

Argazkia: Oñatiko Udala