Garapen komunitario eta herritarren partaidetzarako teknikari lanpostura aurkeztu diren 20 lagunak hautaketa prozesurako onartu dira.

2015/01/28
Azterketaldia otsailean abian jarri asmo da.

  Udalak, herritarren parte hartzea sustatzeko teknikaria aldi baterako eta lan jardun erdiz kontratatuko du. Gipuzkoako Aldizkari ofizialean argitaratu zen iragarkiari erantzunez, 20 eskaera jaso ziren eta guztiak onartu egin dira. Orain, hautaketa prozesua abian jarriko da. Garapen komunitarioa eta herritarren partaidetza sustatzeko aldi baterako programa aurrera eramango duen teknikaria lehenbailehen lanean hastea nahi da. Horretxegatik, azterketak, datozen asteetan egin eta martxo amaierarako jada langile berria izendatu nahi da. Hori da asmoa baina epai mahaia osatuko duten lagunen disponibilitatea ere kontutan hartu beharko da.

  Oposizio edo azterketaldian, hautagaiek, froga teoriko eta praktiko bana gainditu beharko dute eta euskarari dagokionean, eskatutako laugarren hizkuntza eskakizunaren maila agiri bidez egiaztatu ez dutenek, euskarazko froga ere egin beharko dute.

  Lehiaketa prozesuan berriz, antzerako lanetan eskarmentua izatea eta formazio osagarria bereziki baloratuko dira.
Garapen komunitario eta herritarren partaidetzarako teknikariak hainbat zeregin izango ditu: herritarren artean partaidetzaren kultura eta izaera komunitarioa zabaltzea, harremanetarako eta parte hartzeko gune eta aukerak eskainiz. Udalak abian jartzen dituen parte hartzeko prozesuak kudeatu eta dinamizazio funtzioak betetzea, hauek martxan jarri aurretik diseinatzea eta ezartzea eta gerora ebaluazio lana egitea. Aldi berean, halako prozesuak martxan jartzeko beharrezko harremanak izan beharko ditu erakunde eta eragileekin eta udal departamentuei ere aholkularitza eskaini beharko die beraien politiketan herritarren partaidetza kontutan hartu dezaten. Sentsibilizazio ekimenak, ikastaroak, jardunaldiak eta hitzaldiak ere antolatu eta planifikatu beharko ditu teknikari berriak.

  Orain arte kultura batzordearen ardurapean garatu den ELTZIA proiektua teknikari berriaren eskutara pasako da. Udalak, herritarren parte hartzea sustatzeko teknikari hau aldi baterako eta lan jardun erdiz kontratatuko du. 

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!