Gabonetako argiteria abenduaren 12an piztuko da

2019/12/05
Card image cap
Musika ere izango da kaleak girotzen, hilaren 16tik aurrera

  Gabonetako argiteria eta apaingarriak jartzen ari dira pasa den asteaz geroztik. ETRA NORTE enpresa ari aurten ere lan horretaz arduratzen eta txoko asko apaindu dituzte jada. Bidaurretako sekuoia eta plazako magnolioak eta erdiguneko kaleak argiz apaintzea soilik falta da.

  Kale zaharrean, Kale Barrian eta Atzeko kalean 10 argi apaingarri jarriko dira eta udaletxeko fatxadan kortinilla zuri bat. Plazako arkupetan, erdiko zutoian eta Portalekua nahiz Unibertsitate etorbideko biribilgunetan argiz apaindutako irudiak jarri dira jada. Guztiak, abenduaren 12an piztuko dira eta Gabonak amaitu arte, urtarrilaren 7ra arte mantenduko dira. Muntatze, desmuntatze eta mantenu lanak nahiz elementu apaingarrien  alokairuak, 10.476 euroko aurrekontua du.

  Argien efektua osatzen eta Gabonak girotzen, musika ere izango da kalean. Denda inguruak eta hauek zabalik dauden egun eta ordutan jarriko da martxan propio muntatuko den soinu instalazioa. Egunero, hiruzpalau orduz izango da musika kalean, goiz eta arratsaldeko ordutegian banatuta. Baina dendak zabalik dauden egunetan soilik eta herriko merkataritza sustatzeko bitarteko moduan. Zapatu arratsaldetan eta jaiegunetan ondorioz ez da musikarik izango, Gabonak girotu bai baina herritarrak ez nekatu edo gogaitzeko. Kale Zaharrean, Kale Barrian, Portu, Lazarraga eta Ramon Irizar kaleetan jarriko diren bozgailuak abenduaren 16an jarriko dira martxan, urtarrilaren 5era arte, astelehenetik larunbat eguerdira arte.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!