Foru aldundiak, Udalaren esku utzi ditu azoka eta kiroldegiko eraikin berriaren teilatuetan instalatutako plaka fotovoltaikoen erabilera.

2012/11/23
Lortzen den diru etekina, eraginkortasun energetikoaren alorrean nahiz energi berritzaileen sustapenean erabiltzeko baldintzapean.

  Gaia aspalditik dator. Iazko martxoaren lehenean jada, Foru Aldundiko Ingurumeneko Zuzendaritzak Oñati, Elgoibar, Zarautz eta Zegamako udalekin izenpetu zuen lankidetza hitzarmenaren arabera, udal hauen esku uzten zuen, herri bakoitzean egindako instalazio fotovoltaikoak. Udalen esku uzten zituen baina plaka fotovoltaikoak, interesa izango luketen herritarrei saltzeko baldintzarekin.

  Hitzarmena beteaz, plakak 25 urtez eskuratzeko intentzioa zuten herritarrei zuzenduta esleipen deialdia egin zuen udalak. Azoka eta kiroldegiko eraikin berriaren teilatuetan dauden 207 plaka fotovoltaikoetatik 136 eskatu ziren baina esleipen prozesua ez zen guztiz osatu. Tartean, foru aldundiko gobernu taldea aldatu zen eta Ogasun teknikoek ikuspuntu tekniko-fiskaletik aurreko legealdian ezarritako eskema ez zuten balioztatu.

  Ondorioz, iraileko osoko bilkuran abian jarritako esleipen prozesua bertan behera utzi zen eta instalazioen erabilpen lagapena udalak hartzea onartu zen, beti ere, sortutako etekin ekonomikoak aurrezpen eta eraginkortasun energetikoaren alorrean nahiz energia berritzaileen sustapenean berrinbertitzeko konpromisoarekin.

  Erabilpen lagapen hori gauzatzen duen Diputazioaren erabakia gaur argitaratu da Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Erabakian, Oñatiko udala ez ezik, Elgoibar, Zarautz eta Zegamako udalak ere aipatzen dira, hauek ere, udal eraikinetan egindako instalazio fotovoltaikoak erabiltzeko  lagapena jasoko baitute.

  Esleipen prozesuan plakak erosteko intentzioa agertu zuten herritarrekin bilera egingo du udalak. Batzarrera, foru aldundiko arduradunak ere gonbidatuko dira egitasmoa bertan behera zergatik utzi den azaldu dezaten. 

Iturria: Oñati irratia