Foru Aldundiak ia 109 mila euroko diru laguntza emango du Aozaraza kalea eraberritzeko lanetarako.

2014/01/09
Card image cap
Gabonak tarteko etenik egon diren lanak berriro hasi ziren atzo.

  Diru laguntza hau tokiko ekonomiak dinamizatzeko tokiko inbertsioak bultzatzeko Planaren barruan deitu zituen foru aldundiak. Programa honen kargura udal eskumeneko obrak finantzatzea aurre ikusten zelarik. Aozaraza kalea eraberritzeko lanak foru dekretuaren xedean bete betean sartzen zirela ikusirik egin zen eskaera. Horri erantzunez, Diputazioak ia 109 mila euroko diru laguntza ematea onartu du eta %60a ordaintzea ere erabaki du.

  Aozaraza kalea berritu eta irisgarritasun neurrietara egokitzeko abenduan martxan jarri ziren lanen aurrekontua 194 mila euro gehi BEZa da eta kopuru horren zati handi bat Aldundiaren diru laguntzaz ordainduko da.

  Aozaraza kaleko lanak, Gabonak tarteko ia hiru astez etenik egon dira. Egaralurreko langileak berriro itzuli dira eta aurrerantzean, beste etenik gabe, amaitu arte egingo dira. Horrek esanahi du, kalea autoentzako berriro itxi dela eta lanak bukatu arte gainera ez da irekiko. Bitartean, gogoratu, udalak, kalean garajea dutenei Kalegoienako lurrazpiko aparkalekua erabiltzeko aukera eman diela.

  Aozaraza kalea irisgarritasun neurrietara egokitzeko lanok aprobetxatzen ari dira hainbat azpiegitura berritzeko. Gipuzkoako Urak enpresak ur hornidura eta ur zikinen saneamendu sareak aldatuko ditu, Oñargik, aireko elektrizitate hariteria lurperatuko du eta Telefonikak ere fatxadetan zintzilik doan hariteria lurperatuko du. Horren ondoren, kalea asfaltatuko da esan bezala, irisgarritasun baldintzetara egokituz. Plataforma bakarreko kale bihurtuko da eta oinezkoei lehentasuna emate aldera, autoen aparkalekuak eta trafikoa mugatu egingo da.

  Aozaraza kalean ez ezik, inguruetan ere hainbat egokitze lan egingo dira. Abuztu amaiera inguruan eraitsi ziren lau etxe eraikinen orubeak egokituko dira eta hauen pareko errotondaren biraketa-erradioa handituko da. Lanak, martxo amaierarako bukatzea aurre ikusten da.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!