Foru aldundiak antolatutako udalekuetan izena emateko epea zabalik dago hilaren 30era bitartean

2015/03/18
Card image cap
Tramitea, Gaztelekuko gazte informazio bulegoan egin daiteke

  Udalekuak 2015 kanpaina abiatu da. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiek elkarrekin antolatzen duten udaleku programa da eta hiru lurraldeetako 7 eta 13 urte bitarteko umeei zuzenduta dago.

  Bi dira udalekuetan eskaintzen diren  hizkuntza-ereduak: euskara hutsezkoa eta elebiduna. Eta adinaren arabera, 7 edo 10 eguneko egonaldiak egin daitezke, hiru herrialdeetako 14 aterpetxetan. Guztira, 56 txanda gertatu dira aurten. Horietako bi bereziak, batean bertsolaritza landuko delako eta bestean, frantsesa.

  Udalekuak 2015eko eskaintza osoa internet bidez ikusi daiteke: www.gipuzkoangazte.eus atarian. Esku-liburua, Gaztelekuan, gazte informazio bulegoan eskuratu daiteke. Eta izena emateko ere bide bikoitz hori dago: internet bidez norbere kabuz egin daiteke, edo gazte informazio bulegoaren bitartez. Era batera edo bestera, Diputazioko udalekuetan izena emateko epea gaur hasi eta 30era arte luzatuko da.

  Udalekuetarako eskaera banaka eta 3ko taldetan egin daiteke. Baina ume bakoitzeko eskaera-orri bakarra onartuko da. Izena, dauden plazak baino neska mutil gehiagok ematen dutenez, plazak zozkatu egiten dira. Plazen zozketa apirilaren 14an egingo da. Plazak esleitzerakoan aurreko urteetan parte hartu ez zutenei lehentasuna emango zaie.

  Kuotei dagokionean, Foru aldundiak, lau kuota bereizten ditu eta, familia ugariei hobariak ematen dizkie. Hala, 7 eguneko txandak 118 euroko kuota orokorra badu, familia ugariko haurrak, 83 euro ordainduko ditu eta familia ugari berezikoak, 59. 10 eguneko txandaren prezio orokorra berriz, 172 euro izango da aurten. Diru sarrerak bermatzeko errenta edota giza larrialdietarako laguntzak jasotzen dituzten familiek berriz kuota murritzagoa izango dute bekadunak izango baitira aurten lehen aldiz.

  Udalekuen inguruko informazio osoa hartarako argitaratu diren liburuxketan jaso da eta liburuxkak, Gaztelekuan, gazte informazio bulegoan eskuratu daitezke. Gazte informazio bulegoa, astelehenetik ostiralera goizeko 11.00tik, 13.00 zabaltzen da. Arratsaldez ere, 17.00etatik 20.00etara arduraduna Gaztelekuan izaten da.

 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!