Fermin Etxegoienek “Urpekariak” liburu berria aurkeztuko du hilaren 26an

2015/11/10
Card image cap
Gazteei zuzendutako “Perzebal sailean” argitaratu du Erein argitaletxeak

  Fermin Etxegoienek publiko gazteari zuzendutako lehen liburua izango da datozen egunetan kaleratuko den  Urpekariak izenekoa. Eta horrela, literatur esparru berri bat jorratzen du, aurrez, saiakera, helduei zuzendutako eleberriak eta elkarrizketa liburuak argitaratu baititu.

  Une honetan inprentan da Fermin Etxegoienen bosgarren liburua izango den hauxe. Egun gutxiren buruan kaleratuko da, Erein argitaletxeak Durangoko Azokara begira osatu duen aurkezpen egitasmoetan jaso baitu. Horren arabera, Urpekariak liburua, Donostiako Udal Liburutegiko Sotoan azaroaren 26an, 11.00etan  aurkeztuko da. Liburuak, maitasuna ezagutzeaz bat aitaren bakardadea ikusiz sentimendu gazi-gozoak bizi dituen gazte baten istorioa azaltzen du.

  Fermin Etxegoienek, 2004an argitaratu zuen lehen liburua, Neurona eta zeurona saiakera lana. Bost urte beranduago Autokarabana eleberria argitaratu zuen, Kritikaren saria eta Euskadi saria eskuratuz. 2013an kaleratu zen Zinegotzia izan zen hurrengoa, oñatiarraren bigarren eleberria, eta iaz, Eutsiko diogu? kulturaz eta sorkuntzaz egindako 12 elkarrizketen bilduma osatu zuen. Laster, 14 urtetik gorako irakurleei zuzendutako hirugarren eleberria argitaratuko du: Urpekariak. Aurkezpena, hilaren 26an egingo da eta Erein argitaletxeak  Durangoko azokarako prestatu dituen nobedadeen artean topatuko dugu.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!