Feminismoaren bolada berria aztergai da Lege Soziologia Institutuan

2018/06/14
Card image cap
Sare sozialek munduko emakumeen arteko elkartasunean nola eragin duen ikertzen ari dira

  Feminismoaren laugarren olatu edo bolada delakoa aztertzen ari dira Unibertsitate zaharrean elkartu diren 19 adituak. Sare sozialek feminismoaren hedapen eta antolakuntzan nola eragin duten eztabaidatzen ari dira.

  Gaur hasi den mintegia 5 ataletan berezitu dute. Hala goizean, Hezkuntza eta sare sozialen esperientziaz aritu dira eta erlijioa edo espiritualtasuna ere hizpide izan dute. Arratsaldean berriz, egungo hainbat gai orokorrez feminismoak duen ikuspegia azalduko da eta abortuaz, sexu lanaz eta hauek arautzen dituzten legediez eztabaidatuko da. Bihar goizean, aktibismo eta aukerez arituko dira eta azkenik, feminismoaren laugarren olatu horren baitan kasu konkretuak azaldu eta aztertuko dira, hara nola, ni una menos mugimendua edo martxoaren 8rako mundu mailan deitu zen emakumeen greba, besteak beste. Mintegia, mahai-inguru batez amaituko da, bihar arratsaldean.

  Mintegiaren koordinatzailek diotenez, sare sozialek aukera berriak ireki dituzte baita mugimendu feministaren baitan ere, emakumeen mugimendua orokortu eta global bihurtzeko, edo gutxienik, hala azaltzeko bidea eman dutelarik sare sozialek.
Lege Soziologia Institutuan bildutakoak zera eztabaidatzen ari dira, ea emakumeen mugimendua gai ote den, neoliberalismoaren lege-paradigma zalantzan jartzeko edota bakarrik nazio edo nazioarteko gai solteak. Alegia, emakumeen mugimendua, beste hainbat kolektiborekin batera, elkartasunean oinarritutako autodeterminazio horizontal modu berriak txertatzen eragin ote dezakeen.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!