Euxebi Errasti eta Jose Mari Jauregialzo "Paiko" omenduko dira herriko jubilatuen izenean

2018/06/15
200nen bat lagunek parte hartuko dute Jubilatuen Eguneko bazkarian

  12:00tan hasiko den mezaz ekingo zaie Jubilatuen Eguneko ospakizunei.  Meza ondoren herriko nagusiak Zubikoa kiroldegira hurbilduko dira, bertan jada jotzen arituko den Musika bandak ongi-etorria egingo die. Ondoren omenaldia eta bazkaria izango dira.

  Urtero bezala, Pake lekuko bazkide  nagusienen artean ospakizunera joateko moduan leudekeen emakume eta gizonezko banaren bila aritu dira antolatzaileak. Eta aurten, kasualitatez, urte berean, 1928an, jaiotako bi kintto omenduko dira herriko jubilatu eta pentsionista guztien ordezkari gisa: Euxebi Errasti eta Jose Mari Jauregialtzo Paiko. Ohiko txapela eta zapia jarrita lore sorta ere oparituko diete. Ondoren, Oñatz dantza taldeko gaztetxoek aurreskua eta dantza saiotxoa eskainiko dute.

  Omenaldia amaituta jubilatuen eguneko bazkaria izango da. Beren txartela erosi duten jubilatuekin batera udal ordezkariak ere kiroldegian izango dira. Guztira 200 lagun inguru bilduko dira domekako bazkarian. Ospakizuna alaitzeko opari ezberdinak zozkatuko dira eta dantzaldia ere ez da faltako.

  Domekako ekitaldiekin astelehenean hasi zen Jubilatuen asteari amaiera emango zaio.

Iturria: Oñati Irratia

Iaz omendu zen jubilatu bikotea