Eusko Jaurlaritzak botiken kopagoari aurre egiteko diru laguntzak emango ditu aurten ere.

2015/01/21
Eskaera orriak otsailaren 2tik aurrera anbulatorioan aurkeztu ahal izango dira.

  2014ko abendutik 2015eko azarora bitartean egindako botika gastua izango da deialdi berri honetan diruz lagunduko dena. Gogoratu, Eusko Jaurlaritzak iaz lehen aldiz eman zituen diru laguntza hauek, diru baliabide gutxi dituzten herritarrei zuzenduta daudela. Helburua, botikak eskuratzeko arazorik ez izatea baita. Laguntza eskatzeko aukera izango dute urtean 18.000 euro baino gutxiagoko sarrerak dituzten pentsiodunek, langabezia laguntzarik eta diru sarrerak bermatzeko errentarik jasotzen ez duten langabeek eta egoera irregularrean egonik ere, urtebeteko errolda duten atzerritarrek.

  Helburua, baliabide gutxien dutenek botikak eskuratzeko zailtasunik ez izatea eta mediku tratamendua mantentzea da.

  Ion Darpon Osasun Sailburuak atzo iragarri zituen diru laguntza hauen eskaerak, anbulatorioen bitartez bideratuko dira berriro. Hala, Oñatiko Osasun etxean hasi dira eskaera orriak banatzen. Dena den, halakoen bila hurbildu diren lehen herritarrei jakinarazten zaie, eskuratutako eskaera orria akaso berritu egin beharko dutela. Izan ere, Osasun Sailak ez baitu zehaztu eskaera orri berririk bidaliko ote dituen, egin-egingo direnik ere ez dakite anbulatorioan, eta ondorioz, iaztik dituztenak banatzen ari dira.

  Herritarrek eskaera orria orain eskuratu arren, gainera, otsailaren 2ra arte ezin izango dute aurkeztu, diru laguntzak eskatzeko epea, orduan irekiko baita.

  2014an zehar, 126.000 herritarrek jaso zuten botiken gastua arintzeko Osasun Sailaren diru laguntza. Guztira, 11 milioi euro banatu ziren kopagoari aurre egin ahal izateko diru laguntza kontzeptuan.

  Iaz, diru laguntza hau eskuratu eta aurten ere jaso nahi dutenek, eskaera berritu beharko dute, alegia, eskaera orria bete eta berriro entregatu beharko dute.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!