Euskarazko irakaskuntzaren aldeko jaietara 2.500 euro bideratuko ditu Udalak aurten

2016/04/06
Diru laguntza handienak, erakunde publikoetatik babes gutxiena duten Iparraldeko eta Nafarroako ikastolen jaiek jasoko dute

  Gaia modu bateratuan aztertu eta erabaki du aurten ere Udal Gobernu Taldeak. Tokian tokiko jaiaren antolatzaileek helarazitako diru laguntza eskaerak gordetzen joan dira erabaki bateratua hartu ahal izateko.
Euskararen eta euskarazko irakaskuntzaren aldeko bost jairen berri jaso da: Iparraldeko ikastolen aldeko Herri Urrats, Durangon ospatu zen Ibilaldia, Agurainengo Araba Euskaraz eta oporren bueltan Bergaran eta Vianan ospatuko diren Kilometroak eta Nafarroa Oinez.

  Udalak urteak daramatza diru laguntza hauek banatzerakoan bi aldagai nagusi baloratzen:  jaia ospatzen den ingurua zein den eta bertako erakunde publikoek euskarazko hezkuntzari eskaintzen dioten babes maila. Iparraldeko eta Nafarroako jaiek diru laguntza handienak jasotzen dituzte eta Euskal Autonomia erkidegoan ospatzen diren gainontzekoek, kopuru txikiagoa baina denek berbera. Aurten, Herri Urrats jaiaren antolatzaileek 1.000 euroko diru laguntza jasoko dute Oñatiko Udaletik eta Nafarroa Oinezek, 750. Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako ikastolen aldeko jaiek berriz, 250 eurona. Guztira, Udalak 2.500 euro bideratuko ditu euskararen aldeko jaietara.

  Zerrendan ez da jaso Euskal Eskola Publikoaren jaia. Aurten, lehen aldiz, Iparraldean, Hendaian ospatuko da, ekainaren 5ean. Antolatzaileek ez dute udalaren diru laguntza eskatu, ez behintzat, oraingoz.

Iturria: Oñati Irratia

Urriaren 2an Bergaran ospatuko da Kilometroak jaia